
Adineko pertsonei arreta ematerakoan GFAk –eta zehazkiago Gizarte Politikarako Departamentuak– jarraitu behar zituzten ildo nagusien gainean aholku emateko sortu zen Gipuzkoako Adinekoen Kontseilua.
Ildo nagusi horiek Gerontologia Planean ezarri ziren. Plana argitaratu eta gero hitzartu zuten Kontseiluaren egitekoa izango zela Planaren garapenari jarraipena egitea eta Departamentuak adineko pertsonentzako arretan egiten dituen jardueren garapenaz aholku ematea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko laguntza zerbitzuetan oreka bat lortu ahal izateko, Hurbiltzen Plana prestatu zen, eta hor ere Kontseiluak aholku ematen du eta haren jarraipena egiten, adineko pertsonei dagokienez.
Azken hamarraldietan gure gizarteak demografia aldaketa handia izan du. Bizi itxaropena handitzeak eta jaiotza tasa jaisteak populazioaren zahartze nabarmena eragin dute. Gertakari horren ondoriorik ageriena izan da adineko pertsona gehiagok behar dutela luzaroko laguntza eguneroko lanak egiteko. Haietako asko bakarrik bizi dira. Eta haietako asko emakumeak dira.
Egoeraren erradiografia bat lortzeko, bakarrik bizi diren adineko pertsonei buruzko azterketa bat bultzatu du Kontseiluak.
Aztertze aldia dagoeneko bukatu da, eta aurki egongo gara datuak eta ondorioak eskaintzeko moduan.
Hausnarketa prozesua bukatutakoan, orduantxe egin beharko dira proposamenak antzeman diren beharrei irtenbidea emateko.
Zerbitzuetarako eta informaziorako sarbidea herritar ororen oinarrizko eskubidea dela uste dute Gipuzkoako Adinekoen Kontseiluak eta Gipuzkoako Ezinduen Kontseiluak. Eskubide ahula da, ordea, herritarrak mugaren bat baldin badu zerbitzu edo informazio horietarako sarbidean.
Herritarren zeregina da, oro har, eta administrazioarena, bereziki, sarbide horretan zailtasunen bat duten guztiei hura erraztea.
Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Adinekoen Kontseiluak eta Gipuzkoako Ezinduen Kontseiluak, Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamentuarekin batera, ahaleginak batu dituzte jendeak sarbideaz gehiago jakin dezan eta denentzako kalitate-osagaitzat jo dezan. Eskubide hori bermatzeko, ordea, funtsezkoa da herritarrak, oro har, jakinean egon daitezen sarbide horretaz, horren beharraz eta dituen onurez, eta haien jakitun izan daitezen.
Agirian printzipio eta eskubide batzuk ezartzen dira, eta zenbait arlo garatzen dira gomendioen bidez. Kontseiluak erabaki zuenez, adinekoek ohi duten irudia hobetzearren, lehentasunezkoa da gomendioak hedabideei zabaltzea. Horregatik, eskuliburu bat prestatzen ari dira gai horren ardura dutenei zabaltzeko.
Eusko Legebiltzarraren Gizarte Zerbitzuen 1996ko urriaren 18ko 5/1996 Legeak ezartzen duenez, herri-agintariek eragin behar dute herritarrek gizarte zerbitzuetan parte har dezaten, hirugarren adinari dagozkionetan, besteak beste.
Lege horretako 19. artikuluak dioenez, lurralde, udalerri edo udalaz gaineko kontsulta eta partaidetza organoak sor daitezke, udalerriko edo eskualdeko erakundeetako gizarte zerbitzuen antolamendu, plangintza eta jarduerari buruz kontsultak jaso eta aholkuak emateko.
Kontseiluaren iritziz, eskualde kontseiluak egotea funtsezkoa da adineko pertsonek beren inguruan aurrera eramaten diren jardueretan parte har dezaten sustatzeko. Horregatik, bada, ekimen horretaz interesa agertzen duten eskualdeetan halako kontseiluak sustatzearen alde lan egingo du.
Erretirodunen eta Pentsiodunen Elkarteko kide diren etxe guztietara inkesta bat bidali zen 2005aren erdialdean, eta han agertzen zen zentro bakoitzak zenbateraino parte hartzen zuen Zuzendaritza Batzordean eta jardueretan.
Inkesta haren emaitzak oso esanguratsuak izan dira, izan ere, erakusten baitzuten zentroan egiten diren jardueretan gehiena emakumeek parte hartzen dutela, baina erabaki-organoetan, berriz, ia ez dagoela emakumerik. Horregatik erabaki zen beste inkesta pertsonal bat bidaltzea erretirodunen elkarteetako kide diren emakumezkoei, erabaki-organoetan zergatik ez duten parte hartzen jakiteko.
Adinekoen Kontseilua sinetsirik dago adinekoen taldeak daukan giza gaitasunaz. Gaitasun horren puska handi bat erretiratuen eta aurretik erretiratuen elkarteetan dago. Horregatik sustatzen ditu solidarioen sariak, gaitasun hori gizartean isla dadin, zentroetako jardueren bitartez.
Solidarioak Sariaren helburu orokorra da egungo erretirodunen etxeak birmoldatzea, adinekoen behar berrietara egokituz. Hona hemen berariazko helburuak:
Sariaren helburua da gogoa piztea goian aipatutako helburuen ildo bereko ekintza batzuk gauza daitezen, eta horrela helburu orokorra lortzen laguntzea.
Jarduera horren bidez Kontseiluak erakutsi nahi du adinekoen jarduerek ez dutela zertan gizarte zerbitzuen kontua bakarrik izan. Gaur egungo adinekoak zinema aretora eta antzokira joaten dira, kirolen batean aritzen dira, bidaiatu egiten dute,...
Helburu hori aurrera eramanez, agiri batean bildu nahi ditugu GFAk adinekoen inguruan gauzatzen dituen jarduera guztiak.
Kontaktua | Webgunearen mapa | Irisgarritasuna | eu | es