Gizarte kohesioa, berrikuntzarekin batera, zutabea da Gipuzkoako Foru Aldundia egunez egun gauzatzen ari den Gipuzkoa hiria proiektuan. Horregatik, gure agendako lehen helburua gizarte politika garatzea da, hots, herritarren bizi kalitatea, bereziki talde behartsuena, hobetzen ahalegintzea.
Eginkizun asko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak arlo honetan. Baina, zeregin sozial horrek kasu honetan du zentzua, bereziki: babes gabezian dagoen gipuzkoar bat bere tutoretzapean hartzen duenean, berdin da pertsona adingabea den nahiz adinduna, urteengatik, buruko gaixotasunagatik edo ezgaitasun psikikoagatik legez ezgaitua izan bada eta tutoretza hartuko duen seniderik ez badu.
Pertsona bere familiak zaindu eta babestu ezin duenean (familiarik ez dagoelako edo eginkizun hori betetzeko gai ez delako), Administrazio publikook bermatu behar dugu pertsona horren ongizatea.
Txostenak deskargatzen arazorik baduzu, mesedez, jar zaitez gurekin harremanetan helbide honetan info.gizartekintza@gipuzkoa.net eta interesatzen zaizun txostena bidaliko dizugu.