Edukietara joan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren logoa

Bilatzaile aurreratua ››

Plangintza. Foru Aldundiak katalogo bat diseinatu du, egoitzek 3 urteko epean eskaini beharko dituzten zerbitzuak jasoz

Zentroek erabiltzaile kopuruaren arabera izan behar duten langile-plantilla zehazten du. Geriatria eta Gerontologiako Zahartzaroa Euskal Elkartearen lankidetza izan du.

Geriatria eta Gerontologiako Zahartzaroa Euskal Elkartearen lankidetza izan du. Gipuzkoako Foru Aldundiak Egoitza Zerbitzuen Katalogo bat diseinatu du. Honetan finkatu egiten du zein diren gipuzkoako egoitzek 3 urteko epean eskaini beharko dituzten zerbitzuak, horretarako izan beharko duten langile-plantillarekin batera. Betekizun hauek zehazteko unean, Foru Aldundiak Geriatria eta Gerontologiako Zahartzaroa Euskal Elkartearen lankidetza izan du.

Gizarte Politikarako diputatu Esther Larrañaga andreak gaur aurkeztu ditu agiri honen edukia eta helburuak; eginkizun horretan, bere departamentuko Gizarte baliabideen plangintza eta kudeaketarako zuzendari Ramon Jauregi, eta Zahartzaroa Elkartearen presidente Juan José Calvo izan du lagun. Aurkezpenean zehar azpimarratu duenez, katalogo honek kalitate maila bat finkatzen du, eta gainditu egiten du Eusko Jaurlaritzaren araudian definitutako legezko baldintzen betetze hutsa. Izan ere, Gipuzkoako egoitzak dagoeneko legeak ezarritako mailetatik gora ari dira lanean, eta agiri honek arautu egingo du neurri handi batean dagoeneko gertatzen ari den egoera hori.

Ramon Jauregik azaldu duenaren arabera, Katalogoak definitu egiten du zein zerbitzu zehatz eta zuzen bermatu behar zaizkien egoitzan bizi diren pertsonei, argi utziz, inolaz ere, horietatik zein dauden prezio publiko, tarifa edo prezio itunduan sartuta; osterantzean, argitu egiten du zein diren erabiltzaileak zuzenean ordaindu behar dituen zerbitzu osagarriak.

Esate baterako, ostatu zerbitzuen eta zaintza pertsonal, osasun mailako zein psikosozialen finantzaketan Foru Aldundiak parte hartuko du; gauza bera familiari zuzendutako informazio eta arreta zerbitzuen kasuan ere. Alabaina, zentroek derrigorrean eskaini beharko dituzten beste zerbitzu batzuk ere izango dira, hala nola telefono eta internet zerbitzua, produktuak saltzen dituzten makinak edo kafetegi, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak, baina hauek guztiak erabiltzaileak ordainduko ditu oso-osorik.

Katalogoak beste atal bat du, zerbitzu hauek eskaini behar diren moduari buruz; hau da, praktika egokiak azaltzen dira atal honetan. Adibidez: nola prestatzen den eta nola gauzatzen den egunean-egunean erabiltzaile bakoitzaren banakako arreta plana; nola garatzen den pertsona bakoitzak, dituen zertzeladetan, behar duen osasun-zaintza; edota antolaketa orokorreko kontuak, esate baterako erabiltzaileak zentroan non egon behar duen, edo bertan lan egiten duen pertsonalaren prestakuntza plana.

Egoitza batean garatzen den prozesu bakoitzeko hainbat adierazle finkatu dira; hauek guztiek aukera emango dute egoitza bakoitzak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea ebaluatzeko.

Eta, azkenean, Katalogo honek zehaztu egiten du egoitza bakoitzak izan behar duen langile-plantilla, bai langile kopuruari dagokionez bai hauetako bakoitzaren lanbide profilari dagokionez, eskaintzen den plaza-kopuruaren arabera betiere.

Diputatu andreak onartu duenez, une honetan zentro bakoitzak errealitate bat du eta, kasu batzuetan, nahiko urrun geratzen dira agiri honetan jasotako jarraibideetatik. Hori dela eta, Foru Aldundiak ez du eskatuko baldintza guztiak une honetatik aurrera betetzea; oso bestela, ezarpen plan bat zehaztu du, hain zuzen gehienez hiru urteko epean Gipuzkoako egoitzek kalitate irizpide homogeneoen arabera lan egin dezaten.

Gipuzkoak 4.700 plaza baino gehiago ditu egoitzetan, 65 zentrotan banatuta.

Txostenak deskargatzen arazorik baduzu, mesedez, jar zaitez gurekin harremanetan helbide honetan info.gizartekintza@gipuzkoa.net eta interesatzen zaizun txostena bidaliko dizugu.

Gorantz joan | Gune Korporatiboaren portadara itzuli

GNet-en logoa. Gipuzkoa.net