Gizarte zerbitzuen mapak plangintzarako tresnak dira, administrazioko beste arlo batzuetan erabiltzen diren tresnen baliokidea (EAEko Osasun Mapa, Hezkuntza Mapa, lurralde-antolamenduaren gidalerroak). Administrazioko gainerako tresnek garapen eskasa izan dute gure sailean, batik bat gure herrialdean. Izan ere, Gipuzkoan behin bakarrik bultzatu da modu honetako ekintza bat; duela 15 urte hain zuzen ere. Beste herrialde batzuetan, berriz, araudiak hala ezarrita, gizarte zerbitzuen betebeharra da mapa horiek egin eta etengabe eguneratzea, lurralde bateko baliabideak antolatzeko funtsezko elementuak baitira.
Horrek agirian uzten digu plangintza, eskumenen gaineko argitasuna duela gutxi arte bezala, gure sisteman gutxi landu den funtzio bat dela. Gizarte zerbitzuak Gipuzkoan, EAEn eta Espainian duela gutxi martxan jarri diren gizarte babeseko sistemak dira eta berritasun hau izan daiteke, osasungintza edo hezkuntzako sistemen aldean, egituraketan duten atzerapenenaren arrazoietariko bat.
Hitz gutxitan esateko, sistema "gaztea" garen arren, baliabide aldetik oso azkar ari gara hazten. Hori dela eta, hazkuntza horrek beharrezko egiten du gizarte zerbitzuetan parte hartzen duten agenteek antolatzen dituzten ekintzak antolatu eta orientatzea, eraginkorragoa izateko, lurralde guztietan hazkuntza berdintsua lortzeko eta norabide berean aurrera egiteko.
Gizartekintza Departamentuak eta EUDELen Gipuzkoako Batzordeak 2000ko abenduan izenpetu zuten hitzarmenean argi geratu zen Herrialde Historiko osorako gizarte laguntzen plangintza eredu bat edukitzeko beharra. Ondoren, Gipuzkoako udal bakoitzarekin izenpetutako lankidetza hitzarmenek garbi jaso zuten agiri hura prestatzeko konpromisoa eta azkenean, 2002ko martxoan aurkeztu zen Mapa Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean.
Mapak ezartzen du zein helburu kuantitatibo eta kualitatibo lortu behar diren lurralde eremu bakoitzean gizarte zerbitzuak eskaintzerakoan, eta oinarritzat balio behar du udalen nahiz Foru Aldundiaren jarduerak planifikatu eta programatzeko orduan.
Txostenak deskargatzen arazorik baduzu, mesedez, jar zaitez gurekin harremanetan helbide honetan info.gizartekintza@gipuzkoa.net eta interesatzen zaizun txostena bidaliko dizugu.