Euskal Herrian, orokorrean, eta Gipuzkoako lurralde historikoan, bereziki, hainbat landa ingurune daude, tradizioz nekazaritza jardueretan edo horiekin lotuta dauden jardueretan oinarritu diren ekonomiak dituztenak; zailtasunak dituzte nahikoa enplegu eta errenta aukera eskaintzeko, eta eragozpenak dauzkate hirietako biztanleek dituzten bizi kalitatearen mailak bermatzen dituzten ekipamenduen eta zerbitzuen arloan, baita horiek eskuratzeko orduan ere.
Eremu horiek, gehienetan, ekonomia eta gizarte jasangarritasuna falta duen egitura prozesua pairatzen ari dira, jarduera ekonomikoa moteldu egin delako, demografian atzera egiten ari direlako, eta pixkanaka jendez husten ari direlako.
Egoera horrek berariazko politikak garatzea eskatzen du, landa eremuko berezitasunetara egokituak direnak, lurralde oreka bermatu ahal izateko, eta, biztanleak bizi kalitate eta bizi baldintza egokietan oinarrituta mantenduz, gune horien biziraupena bultzatu ahal izateko.
Gizarte Zerbitzuek eginkizun garrantzitsua daukate landa eremuko biztanleen bizi kalitatea hobetzeari dagokionez. Garrantzi hori Gizarte Zerbitzuen Legeak definitzen du, horren arabera Gizarte Zerbitzuek herritar guztiei -gizarte egoera, adina, sexua eta, jakina, bizilekua zein diren ere- bermatu behar baitiete gizarte bazterketaren eta ezberdintasunaren arrazoiak aurrez ikusi eta desagerraraziko direla, eta beharrizanak dituzten pertsonak eta kolektiboak gizarteratuak izango direla.
Hurbiltzen Programa ren helburua Gipuzkoako landa eremuko gizarte zerbitzuak aztertzeaz gain, arlo horretan jarduteko proposamenak egitea da. Horretarako, 2002ko martxoan eratutako Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapa oinarri hartu da, eta aipatutako agiri horretan dauden datuei buruzko estatistika batzuk eguneratu egin dira.
Txostenak deskargatzen arazorik baduzu, mesedez, jar zaitez gurekin harremanetan helbide honetan info.gizartekintza@gipuzkoa.net eta interesatzen zaizun txostena bidaliko dizugu.