Edukietara joan
Gipuzkoako Foru Aldundia logotipoa

Bilatzaile aurreratua ››

Adimen-urritasuna duten pertsonentzako zentro berria inauguratu da Gros-en

Gureak Taldeak eta Donostiako Goyeneche Fundazioak kudeatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Departamentuaren laguntza ekonomikoa du. Egoitza hirigunean zabaldu nahi izan dute talde honen gizarteratzea errazteko.

2007ko apirilak 26

Gaur goizean adimen-urritasuna duten pertsonentzako zentro berria inauguratu da. Donostiako Gros auzoan dago eta kolektibo honi eguneko zerbitzua ematea du helburu. Ekitaldian Esther Larrañagak, Gizarte Politikarako diputatuak, Susana Garcia Chuecak, Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotziak, Iñaki Alkortak, Gureak Taldeko zuzendari eta lehendakariak, eta Iñaki Mujika Latxak, zentro-sarearen erabiltzaile baten anaiak parte hartu dute.

Gureak Taldeak eta Goyeneche Fundazioak elkarrekin kudeatzen duten zentro-sarea indartu egin da Donostiako Gros auzoan zabaldu berri duten egoitzarekin. Zentro hauetan guztietan, egunero-egunero jarduera-programa zabala antolatzen da adimen-urritasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta kolektibo honek autonomia gehiago izan dezan helburuarekin.

Zentroren egongela bat.Egoitza berriak 30 erabiltzailerentzako lekua du eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura izango da plaza horiek ematea. Zentroa Gros auzoko Usandizaga kalean dago eta 440 metro karratu ditu, bi solairutan banatuta. Bertan jarduerak garatzeko diseinaturiko hiru gune, bi ordenagailu gela, bi egongela, bulego bat, sukalde handi bat eta jangela aurki daitezke, besteak beste.

Gureak Taldeak eta Goyeneche Fundazioak hamar urteko esperientzia daukate adimen-urritasuna duten pertsonentzako zentroak kudeatzen. Gaur inauguratu dena Gipuzkoan dagoen mota honetako zortzigarren zentroa da. Iñaki Alkortak, Gureak Taldeko zuzendari eta lehendakariak azaldu duenez, gure zentro-sarearen helburua lantokietan ematen dugun zerbitzuaren osagarri izatea da. Garai berrietara egokituz, adimen- urritasuna duten pertsonen behar guztiak erantzuteko ari gara lanean. Alkortak aurreratu duenez, Gautena elkarteari egoitza berriko azpiegiturak erabiltzeko aukera eman diote, honela, elkarte honek zerbitzu zabalagoa eman ahal izango du.

Egoitza berria egunez izango da zabalik eta irekita dagoen bitartean adimen-urritasuna duten pertsonek ez dute senitartekoen dependentziarik izango. Zentro berrian era askotako jarduerak antolatuko dituzte, horietako batzuk egoitzan bertan eta beste batzuk egoitzatik kanpo, Donostiako bizitzan parte hartuz.

Esther Larrañaga diputatuak gaur inauguratu den zentroaren garrantzia azpimarratu eta Foru Aldundiak mota honetako egoitzak garatzeko apustua egin duela nabarmendu du. Bere iritziz, familientzako ere behar beharrezkoak dira, senitartekoei aukera ematen baitiete adimen-urritasuna duten pertsonekin bizi eta aldi berean, erantzukizun profesional zein pertsonalei aurre egiteko.

Egoitza berriko jarduerak

Egoitza berrian era guztietako jarduerak antolatzen dira, erabiltzaileen adina, gustuak eta lehentasunak aintzat hartuz diseinatzen direnak, hain zuzen ere. Adimen urritasuna duten pertsonei zer duten gustuko edo zer ez azaltzeko aukera eman behar diegu. Egin nahi dutena beraiek erabaki dezatela, hori baita beren buruaren jabe eta beren ekintzen erantzule izateko bidean laguntzeko daukagun modu bakarra, adierazi du Maria Jose Goñik, Gureak Taldeak Gipuzkoan dituen egoitzen arduradunak.

Liburutegietara, kiroldegietara, kultur etxeetara edo merkatal guneetara irteerak egiten dira, hau da, gutariko edonork bisitatzen dituen lekuetara. Harremanak modu natural eta librean garatu ditzaten da honen helburua. Aisialdirako prestatu dituzten jarduera horietaz gain, egunerokotasunean errepikatzen ditugun bestelako jarduerak ere egiten dituzte: supermerkatuan erosketak egin, janaria prestatu, kirola egin edo etxeko lanak egiten ikasi.

Egoitza berri honen xedea adimen-urritasuna duten pertsonek Donostiako eguneroko bizitzan beren presentzia areagotzea da. Horregatik zabaldu dute zentroa Gros auzoan, hiritarrekin harremanak izatea ahalbideratzen duelako eta jarduerak hirigunean egiteko aukera eskaintzen duelako, kolektibo honen gizarteratzea bultzatuz.

Gros auzoan zabaldu duten egoitza berriaz gain, Gureak Taldeak eta Goyeneche Fundazioak Arrasaten, Ordizian, Legazpin, Errenterian, Irunen eta Donostiako Goienetxe egoitzan eskaintzen dute zerbitzu bera.

Gorantz joan | Aldizkariaren portadara itzuli

GNet logotipoa. Gipuzkoa.net