Atzegik, Gipuzkoako adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundeak, Donostiako Intxaurrondo auzoan eraiki berri duen 16 lagunentzako egoitza inauguratu du. Egoitza berri honetan laguntza handia behar duten adimen urritasuna duten pertsonak biziko dira.
2006ko uztailak 28
Etxebizitza berria, Atzegik Gipuzkoako hainbat eskualdetan dituen beste hogei etxebizitza sarera gehitzen da orain. Guztira 128 pertsona bizi direlarik egoitza hauetan. Etxe bakoitzean pertsona bakoitzak, behar indibidualen arabera, premia duen laguntza jasotzen du, laguntza mota txikia, bitartekoa edo handia (Intxaurrondoko egoitza hau kasu) izan daitekeelarik.
Proiektu hau hainbat erakunderen elkarlari esker atera da aurrera. Horrela, Kutxa ren Gizarte Ekintzaren bitartez guztiz finantzatu da eraikina, 975.000 euro ekarpen bati esker, Donostiako Udalak orubea utzi dio Atzegiri eta ONCE Fundazioak altzariak eta barne ekipamenduak finantzatu ditu.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Departamentuak ekonomikoki bermatzen du egoitzaren egungo eta geroko funtzionamendua, Atzegirekin duen lan hitzarmenaren bitartez, Atzegik kudeatzen dituen beste egoitzekin egiten duen moduan, hala nola Gipuzkoan adimen urritasuna duten pertsonei zuzendutako zerbitzuak bermatzen dituen eran.
Atzegi 1960. urtean sortu zen. Gaur egun 1.953 famili dira bazkide eta gainera, 7.438 kolaboratzaile biltzen dira Atzegin.
Arreta normalizatua eraikin berezi batean
Normalizazio eta gizarteratze printzipioek inspiratuta garatu dira eraikuntzaren kokapen eta diseiñu arkitektonikoa (Agustin Mitxelenak era paregabean burutu duen lana), modu honetan auzoko gizarte bizitzan erabiltzaileen partehartzea erraztuaz. Era berean, hiriko beste leku guztiekin komunikazio ezinhobea ahalbidetzen da garraio publikoaren bitartez.
Iharduera ereduak hiritar guztiek eskura dituzten baliabideak erabiltzen ditu: anbulatorioa, kultur etxea, polikiroldegia, auzoko taberna eta dendak, eta abar. Honela, auzokide ugari Atzegizale deritzon sareko partaide bihurtzen dira, adimen urritasuna duten pertsonei euskarri ez formala ematen duen sarea.
Etxearen barne egitamuak eta erabiltzaile kopuruak, hamasei guztira, pertsona arteko harremanak (bai erabiltzaileen artekoak eta baita erabiltzaile eta laguntzako lanpostuak betetzen dituzten langileen artekoak) famili "arrunt" baten parekoak izatea ahalbidetzen dute, ohizko egoitza eraikin handiagoetan ematen diren harremanetatik desberdinduaz.
Ikustaldian ikusi ahal izango duzuen bezala, guztiz funtzionala den egoitzaren barne egitamua edozein etxe "arrunt" batetan dago oinarritua, erabiltzaileek behar duten arreta berezia bermatzeko beharrezko egokitzeak kontuan hartuta.
Solairu bakoitza zortzi erabiltzaile bizitzeko dago prestatua; funtzionalki solairu bakoitza bestearekiko independentea da, baina egoitza berean kokatuak egoteak sinergia interesgarriak sortarazten ditu.
Etxe bakoitzean jangela eta sukalde, garbileku eta gaueko langilearentzako gela komunak dira. Sarrera pasa ondoren, lau pertsona elkarbizitzeko prestatua dauden bi nukleo daude. Hauetako bakoitzean bakarkako/banako bi gela, gela bikoitz bat, bi bainugela eta egongela bat aurki ditzakegu.