Jarduera ludikoak beste herritarrentzat bezain onuragarriak dira haientzat, eta atsedengarri familientzat. Aurten Salou, Zestoa, Ollogoien, Llanes eta Orio izango dira opor lekuak, besteak beste.
2007ko martxoak 19
Gipuzkoar askok dagoeneko programatuta dauzka Aste Santuko Oporrak eta asko hasita daude udako oporretan pentsatzen. Horien antzera, Uliazpiko erabiltzaileek ere urtero egiten dituzte beren bizitza kalitaterako hain mesedegarriak diren oporraldiak. Gizarte Politikarako diputatu Esther Larrañaga andreak eta Uliazpiko Psikopedagogiako koordinatzaile Pako Mendizabalek prentsaren aurrean aurkeztu dituzte gaur aurtengo aurreikusi dituzten jarduerak.Salou, Zestoa, Ollogoien, Llanes eta Orio izango dira aurtengo lekuak, besteak beste.
Uliazpi, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakunde autonomoak 280 lagun baino gehiagori ematen die zerbitzu. Gehienak helduak dira, adimeneko ezgaitasun larria dute eta, horrez gain, beste nahaste edo ezgaitasun batzuk ere izan ohi dituzte, adibidez: autismoaren espektroko nahasteak, mugimeneko edo zentzumeneko ezgaitasuna, osasun arazoak, buru nahastea, dementzia edo jokabide arazotsuak.
Uliazpiren bitartez, pertsona horientzat eta familientzat zenbait zerbitzu eskaintzen ditu Foru Aldundiak: bizilekua, eguneko zentroa, atseden programa eta laguntza teknikoa. Uliazpiko erabiltzaileek behar dituzte, jakina, etxea, zainketa, jarduera okupazionalak eta abar, eta, beste guztiok bezala, aisiako eta asti libreko jarduerak ere egin behar dituzte, baita oporrak ere. Beste edonork bezala, jarduera horiekin gozatu egiten dute, eta beste edonorentzat bezain mesedegarriak dira haientzat
, esan du Larrañagak.
Uliazpiko erabiltzaileen artetik, iaz, % 70 joan ziren etxetik kanpo lo egitea barne zuten oporraldi eta txangoetara; % 80 jatetxeren batean bazkaltzera joan zen; eta % 98 sarritan ibili zen talde ekintzetan, esate baterako paseoan edo zerbait hartzen, erosketetan, ikuskizunen batean, eta antzekoetan.
Jardueren plangintzan kontuan hartzen ditugu erabiltzaileen beharrak eta gustuak. Jarduera ludikoek on handia egiten diete jende arteko harremanetarako, gizarteratzeko, norberaren garapenerako eta ongizate emozionalerako, eta, bestalde, ezgaitasunik gabeko pertsonekiko harremana ere oso ona da beraientzat
, azpimarratu du Mendizabalek.
Atsedena familientzat
Diputatuak esan duenez, jarduera horiek familientzat ere garrantzitsuak dira. Batzuek etxean zaintzen dute urte guztian beren senide ezgaitua, eta atsedenaldi bat behar izaten dute, indarberritzeko
. Familiek ‘atseden’ hartzeko aukera izaten dute, edo beren senide ezgaitua oporraldi horietara joaten denean, edo aldi baterako Uliazpiren zentroren batera joaten denean, dela egoitza batera, dela eguneko zentro batera. Esan daiteke ia norberaren neurrira eskaintzen den zerbitzu bat dela, familia bakoitzaren premietara egokitzen da eta
. Izan ere, egin daitezke asteburuko, nahiz hamabost eguneko, nahiz hilabeteko egonaldiak. Horretarako, urte guztian zentro guztietan edukitzen dira horretarako izendatutako lekuak.
Iaz 45 familia baliatu ziren ‘Atseden’ programaz, eta guztira 2.439 ostatu gau egin ziren.
Uliazpik 250 profesional ditu lanean bere esku dituen baliabide guztietarako, hau da, egoitzak, eguneko zentroak, atseden jarduerak eta laguntza teknikoa atenditzeko. 2007an 14,6 milioi euroko aurrekontua du Uliazpik.