Foru erakundeak 300 bazkide baino gehiago dituen elkarte honi 97.000 euro ordainduko dizkio. Pertsona gazteen artean ezgaitasuna sortzen duen bigarren arrazoia da, trafiko istripuen atzetik.
2007ko maiatzak 4
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak, ADEMGIk, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute eta horren bidez foru erakundeak 97.910 euro ordainduko dizkio elkarte horri, Gipuzkoan gaixotasun hori dutenen bizi kalitatea hobetzera zuzendutako laguntza programak eta jarduerak egin ditzan.
Hitzarmen honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ADEMGIren arteko lankidetza gune egonkor bat sortzen dugu, elkarteak laguntza programetarako eta aisia eta kultura ekintzak garatzeko behar dituen baliabideak izan ditzan
azaldu du Gizarte Politikarako foru diputatu Esther Larañagak.
Esklerosi anizkoitza, nerbio sistema zentralaren gaixotasun autoinmunea da, garunaren eta bizkarrezur muinaren hantura dakarrena. Horren ondorioz nerbioak eta mielina (nerbioak inguratzen dituen koipea) galtzen dira, eta nerbio sisteman zauri ugari sortzen dira. Heldu gazteen artean gehien gertatzen den gaixotasun neurologikoa da, eta gehienetan 18 eta 35 urte bitartean diagnostikatzen da. Gazteen artean ezgaitasuna sortzen duen bigarren arrazoia da, trafiko istripuen atzetik. Emakumeengan gizonengan baino eragin handiagoa du.
Jende gaztearen gaixotasun kroniko bat denez, eta ezgaitasuna sor dezakeenez, esklerosi anizkoitzak familia inguruan, gizarte mailan eta lan eta ekonomia ingurunean zirrara handia sortzen du.
Esklerosi anizkoitzak, 100.000 biztanletik 65i egiten die kalte, itsutasunak, 100.000tik 51ri eta Down sindromeak 100.000tik 14 biztanleri
, Gizarte Politikarako diputatuak, Esther Larrañagak, azaldu duenez hitzarmenaren aurkezpenean. Gipuzkoan gaixotasun hau duten 600 pertsona inguru daude eta ADEMGI 300 bazkide eta familiakoek osatzen dute.
Egoitza berria
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ADEMGIren arteko hitzarmena elkartea egoitza berrira aldatu denean egin da, Txara 1etik Zarategi pasealekuko 68 zenbakira joan baita.
Gipuzkoan esklerosi anizkoitza eta gaixotasun neurologikoak dituzten pertsonei arreta emateko zentro berria, 400 metro karratuko areto bat da, Eugenia Epalaza Fundazioak utzitakoa, eta honela banatuta dago: bulegoak, errehabilitaziorako gunea, gizarte gunea, egokitutako bainuak eta abar. Gipuzkoako Foru Aldundiak 180.000 euro ordaindu ditu egokitze lanetarako.
ADEMGIren egoitzaz gainera, hor egongo da ADELA alboko esklerosi amiotrofikoaren elkartearena ere. Zentroak, ADEMGI eta ADELAko bazkideei arreta emateaz gain, gaixotasun neurologikoak dituzten beste batzuei ere arreta emango die, zehazki, GENE (gaixotasun neuromuskularren Gipuzkoako elkartea), ASLEMEGI (Gipuzkoako bizkarrezurreko elbarrien elkartea) eta AGE (Gipuzkoako epilepsia elkartea) elkarteetakoei.
Maria Luisa Ustarroz ADEMGIko lehendakariak azaldu duenez, baliabide berri honek esklerosi anizkoitza edo beste gaixotasun neurologiko batzuk dituzten pertsonei laguntza osoa emango die
. Helburua da gaixoei laguntza fisikoa, psikologikoa eta gizarte laguntza ematea, beren etxean bizitzen jarraitzen dutela. Horrela, esklerosi anizkoitza duten gaixoen familiako karga gutxitu egiten da eta gainera ospitaleratzea edo egoitzara azkarregi eramatea saihestu edo moteldu daiteke
.
Horretarako, zentrotik mota guztietako zerbitzuak eskainiko dira: psikologia, fisioterapia (zentroan eta igerilekuan), logopedia, terapia okupazionala, neuropsikologia eta banaka edo autolaguntzako taldetan lan egitea.
Gainera, aisiako eta astialdiko jarduerak antolatuko dira; eskulanetako tailerrak, txangoak, kultura irteerak, medikuntza jardunaldiak, bazkideentzako informazio hitzaldiak eta profesionalentzako eta boluntarioentzako prestakuntzakoak.
ADEMGIk jarraituko du informazio eta sentsibilizazio kanpainak antolatzen, gaixotasun sendaezin honek sortzen dituen arazoak gizarteari azaltzeko, eta elkarteak eskaintzen dituen errehabilitazio zerbitzuak ematen jarraitu eta zabaldu ahal izateko behar duen finantzaketa lortzeko.