Dementzia edo portaera arazoak dituzten adinekoentzako baliabide espezializatua da eta 2008an abian jarriko da.
2007ko apirilak 20
Esther Larrañaga Agirre Gizarte Politikarako diputatuak eta Patxi Plazaola Beasaingo alkateak gaur lankidetza hitzarmena sinatu dute Arangoiti egoitzako unitate psikogeriatriko hau sortu eta finantzatzeko. Dementzia eta portaera arazoak dituzten pertsonen atentzioa hobetuko duen baliabide espezializatua da.Unitateak 15 plaza izango ditu eta 2008ko amaieran abian jarriko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektuaren 800.000 euro finantzatuko ditu, baita unitateko ekipamenduaren kostuaren %50a ere, aipatutako protokoloan ikus daitekeen bezala.
Arangoiti egoitzak gaur egun 62 egoitza plaza ditu adineko mendeko pertsonak atenditzeko, ezaugarri honetako baliabideek bete behar dituzten baldintzei buruz indarrean dagoen araudiak dioena betetzen dutelako.
Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitza plaza psikogeriatrikoak sortzeko aurreikusitako beharren arabera, egoitza horren arduradunek Arangoiti egoitzan unitate psikogeriatriko bat sortzeko nahia azaldu zuten. Horrela, egoitza dagoen lur zatian erabilgarria den lur zati bat dagoela aprobetxatuz, gaur egun dagoen eraikinari beste bat erantsiko zaio eta bertan 15 plazako unitate bat eta geroko beste ekintza batzuetarako areto batzuk egokituko dira.
Proiektua hiru fasetan garatuko da: lehenengoan, jardinaren egokitzea eta edifizio berriaren zimentazioa egingo da; bigarrenean, eraikina erabat amaitu, eta lehen solairuan unitate psikogeriatrikoa egokituko da; azkenik, bigarren solairuan beste 15 egoitza plaza jarri nahi ditu Arangoiti Fundazioak. Lanak 18 hilabetez luzatuko dira.
Psikogeriatria unitatea
Egoitzetan eta eguneko zentroetan zaindutako adineko pertsonen erdiek, gutxi gorabehera, dementzia prozesuak dituzte. Pertsona hauen laguntza beharrak ez dira dementziarik gabeko ezinduenak bezalakoak; horregatik, berariazko beharrak kontuan hartzen dizkion baliabide batean zaindu behar dira. Psikogeriatria unitateen kasuan, atentzioaren espezializazioan aurrerapen handia adierazten dute
esan du Esther Larrañaga diputatuak.
Unitate psikogeriatrikoa egoitza baten barruan kokatzen den egoitza txiki bat da, eta baldintza jakin batzuk bete behar ditu ezaugarri arkitektonikoei eta fisikoei dagokienez, baita langileei eta laguntzeko programei dagokienez ere.
Halako baliabideen osagai garrantzitsu bat segurtasuna da, egoiliarrak galtzeko eta ihes egiteko arriskurik egon ez dadin. Hargatik, modulura sartzeko, segurtasun kontroletik pasatu behar da, eta zaintza sistema bat ere badago, telebista zirkuitu itxiaren bidezkoa. Sistema horri esker, esate baterako, unitateko egoiliarrak gauez kontrola daitezke, lo daudenei traba egin gabe.
Dena dela, giroaren aldetik hauxe lortu nahi da: etxebizitza partikular bateko girotik ahalik eta hurbilena izatea, hartara, erabiltzaileak eta haien familiartekoak giro goxo eta atseginean egon daitezen
.
Halako unitateen helburu nagusia da pertsona horien bizi kalitatea hobetzea, baina halakoei laguntza hobea emateaz batera, dementziarik ez duten beste egoiliar batzuena ere hobetzen dugu, eguneroko bizimodua nahasten baitie beste erabiltzaile batzuen jokaerak
, azaldu du Larrañagak.
Zuzeneko laguntzako langileek ere lan baldintza hobeak dituzte.Mota honetako unitateetako arreta emango duen taldean honelako profesionalak egongo dira: zaintzaileak, erizaintzako langileak, psikologoa, terapeuta okupazionala, medikua eta psikiatra.
Egokitutako 5.000 plaza baino gehiago
Diputatuak gogoratu du ere Gipuzkoako egoitzak indarrean dagoen araudiari egokitzeko prozesu baten murgilduta daudela eta horretarako Foru Aldundia 60 milioi euro baino gehiago inbertitzen ari dela. Helburua da 2008. urterako, Gipuzkoako egoitza guztiek –denen artean 5.000 plaza baino gehiago osatzen dutela– araudia betetzea
. Baldintza horiek direla eta, logelak handitu, oztopo arkitektonikoak kendu, banakako logela gehiago jarri, elektrizitate sistemak hobetu eta suteen aurkako neurriak jarriko dira, besteak beste.