Edukietara joan
Gipuzkoako Foru Aldundia logotipoa

Bilatzaile aurreratua ››

Gipuzkoako Foru Aldundiak Irungo Gurutze Gorriaren egoitza handitzeko eta egokitzeko obraren %50 finantzatuko du

Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak eta Iñaki Irusta Euskadiko Gurutze Gorriko lehendakariak obrak finantzatzeko akordioa sinatu dute gaur. Zentroak foru erakundearekin hitzartutako 46 plaza izango ditu.

2007ko apirilak 27

Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak eta Iñaki Irusta Euskadiko Gurutze Gorriko lehendakariak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur Irungo Gurutze Gorriaren adinekoen egoitza egokitzeko eta handitzeko lanak finantzatzeko. Proiektuak aurreikusten du orain 43 plaza dituen egoitza honek 46 edukitzea –Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuak denak-, banakako logela gehiago, logeletako bainugelak egokitzea eta hainbat gune lekuz aldatzea. Lanak aurtengo urrian hasiko dira eta urte betean amaituko dira.

Egoitzaren eraberritze lanak 725.000 euroko inbertsioa beharko du, eta horretatik, erabakiaren arabera, Foru Aldundiak %50 ordainduko du, hau da, 362.500 euro. Gurutze Gorriak gainontzekoa ordainduko du. Era berean, foru erakundeak ekipamenduaren kostuaren %50 ordainduko du.

Larrañaga andreak azaldu duenez, 2008. urterako 5.000 plazako egoitza sare bat osatzeko Foru Aldundiak duen planaren haritik datoz diru laguntza horiek, plaza guztietan bete daitezen adineko pertsonen egoitzentzat araudiek ezartzen dituzten baldintza guztiak. Baldintza horien eraginez hainbat aldaketa egingo dira: logelak handitu, oztopo arkitektonikoak kendu, banakako logela gehiago jarri eta elektrizitate zein suteen aurkako sistemak hobetu, besteak beste.

Irungo Gurutze Gorriaren egoitzaren kasuan, xede nagusia plazen kopurua handitu, banakako logela gehiago jarri eta gela guztietan bainugela egokitua jartzea izango da. Eraberritzearen ondoren, zentroak 46 plaza izango ditu eta horietako 12, hau da %25, banakako logeletan egongo dira. Logelak lehenengo eta bigarren solairuetan eta teilatupean egongo dira.

Azkeneko solairuan gaur egun sukaldeak daude eta sotora aldatuko dira, eta bertan jarriko dira bulegoak, ile-apaindegia eta langileen aldagelak eta abar ere. Azkenik, behe solairuan, harrera, guztientzako eremuak, bainugela geriatrikoak eta jangelak egongo dira.

Gorantz joan | Aldizkariaren portadara itzuli

GNet logotipoa. Gipuzkoa.net