Edukietara joan
Gipuzkoako Foru Aldundia logotipoa

Bilatzaile aurreratua ››

Foru Aldundiak 139 leku eskaintzen ditu egoitzetan egonaldiak egiteko, adineko ezinduren bat beren kontu duten familiek atsedena har dezaten

Zerbitzu hori uztailean behar duten familiek maiatzaren 15a baino lehen eman behar dute izena, eta abuzturako nahi dutenek, maiatzaren 31 baino lehen.

2007ko apirilak 30

Etxean adineko ezindu bat zaintzen duten familiek urtean hilabetez atsedena hartzeko aukera daukate, egoitzetan behin behineko egonaldiak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak duen programarekin. Programa horri esker, familiarekin bizi ohi diren adineko pertsona ezinduek egonaldi labur bat egin dezakete egoitza batean, 15 egunekoa edo hilabetekoa, arrazoi batengatik edo bestearengatik aldi horretan familiak ezin baditu zaindu.

Gizarte Politikarako diputatuak, Esther Larrañagak esan du programa horrek, gainera, aukera ematen diela familia zaintzaileei egun batzuetan beren buruaz arduratzeko, deskantsatu eta ‘pilak kargatzeko’ eta eguneroko bizimodura indarberrituta itzultzeko; izan ere, zaharrei laguntzeko, beraiek ere egoera fisiko eta psikologiko onean egon behar dute. Jakina dago: inor zaintzeko, norbera zaindu behar.

Programa hau 1992an jarri zen martxan modu esperimentalean eta 2007an 1.546.012 euroko aurrekontua du, iaz baino %46 handiagoa. Gipuzkoako zenbait eskualdetako zentro itunduetan 139 leku eskaintzen ditu –Donostialdean, Goierrin, Bidasoa aldean eta Debagoienean. Diputatu andreak azpimarratu duenez, familiek aukera dezakete zer egoitzetan nahi duten adinekoak egonaldia egitea, guk egiten dugun eskaintzaren barnean.

Egoitzetan egonaldi labur horiek egiteko programa zabalik dago urte guztian, baina familia gehienek oporraldietan nahi izaten dute, Aste Santuan eta udan, batez ere. Horregatik, Foru Aldundiak izena emateko epeak jarri ditu, eskari handieneko garaietarako. Beraz, Aste Santuan eta Pazkotan egonaldia egiteko eskaerak berehala egitea komeni da, egonaldiaren hasiera baino 15 egun lehenago gutxienez eman behar baita izena, azaldu du diputatuak. Dagoeneko 86 eskaera jaso dira egun horietarako.

Udako egonaldiei dagokienez, egonaldia uztailean edo abuztuan egitea nahi dutenek, maiatzaren 31 baino lehen eman behar dute izena.

Urteko beste edozein garaitako egonaldietarako ez dago eskatzeko epe berezirik. Eskaerak udaletxeko gizarte zerbitzuen bulegoetan aurkeztu behar dira, gizarte zerbitzuen sareko beste edozein baliabide eskatzeko bezalaxe.

Noizbait eskaera handiagoa bada eskaintzen diren leku itunduen kopurua baino, Foru Aldundiak ahaleginak egiten ditu familia bat ere ez uzteko aukerarik gabe. Horretarako, adinekoaren bizilekutik gertu dauden gerontologia zentroekin harremanetan jartzen da. Horietan leku librerik badute, eskaera guztiei erantzuten saiatzen gara, ziurtatu du diputatuak.

Erabiltzaileek beren egoera ekonomikoaren arabera ordaintzen dute zerbitzu hau: hilean 582,40 euro edo gutxiago jasotzen dutenek egunean 14 euro ordaindu behar dute, eta hori baino gehiago jasotzen dutenek, egunean 22 euro. Plazaren benetako kostua egunean 80,26 euro da; beraz, kostuaren eta ordaindutakoaren arteko aldea Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du.

Gorantz joan | Aldizkariaren portadara itzuli

GNet logotipoa. Gipuzkoa.net