Zentroa erabat eraberritua izan da, eta adineko mendeko pertsonentzat 83 egoitza plaza eta unitate psikogeriatriko bat eskaintzen ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak zentroa berritzeko gastuaren %54 ordaindu du, 782.431 euro.
2006ko abenduak 14
Lanak bukatu ondoren, mendeko pertsonen behar konplexuei erantzuteko egokitutako 83 plaza eskaintzen ditu zentro horrek. Horietako 15ek espezializatutako unitate psikogeriatriko bat osatzen dute, dementzia edo portaerako arazoak dituzten adinekoentzako baliabide espezializatua, hain zuzen.
Zentroa egokitzeko egin den inbertsioa 1.462.127 eurokoa izan da guztira; Gipuzkoako Foru Aldundiak 782.431 euro ordaindu ditu, hau da, kopuru osoaren %54.
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Diputatu nagusiarekin batera, egoitzaren inaugurazio ekitaldian parte hartu dute ere Gizarte Politikarako diputatu Esther Larrañagak, Oñatiko alkate Lourdes Idoiagak, zentroko zuzendari Sor Maite Izaguirrek, eta Foru Aldundiko eta Udaleko gizarte zerbitzuetako beste arduradun batzuek.
Gaurko ekitaldiarekin 15 hilabetez luzatu den lan prozesua amaitzen da. Eraberritze lana faseka egin da, erabiltzaileen eguneroko bizitzan ahalik eta gutxien oztopatzeko.
Oñatin burutu diren jarduketen bitartez zentroko hirugarren eta laugarren solairuak egokitu dira. Esaterako, gela guztietako komunak berritu dira, eta altzariak zein leiho guztiak aldatu dira. Halaber, unitate psikogeriatriko bat sortu da hirugarren solairuan 15 erabiltzaileentzat. Baliabide hori urtarrilean jarriko da abian bete-betean, baina, hala ere, lehen San Martin egoitzan bizi ziren gutxi batzuk unitate horretara aldatu dituzte orain dela gutxi.
Lehenengo eta bigarren solairuak 1996. urtean berritu ziren eta indarrean dagoen araudiak xedatutakoa betetzen zuten orokorrean. Dena dela, konponketa txiki batzuk egin behar izan dira instalazioetan, argigintzan, pintura eta arozgintzan.
Horietaz gain, beste hobekuntza lan batzuk ere egin dira eraikinaren kanpoaldeko arotzerian, larrialdietarako planean, instalazio elektrikoan eta sarbideetan.
Inaugurazioan, diputatu nagusiak Oñatiko egoitzako arduradunak zoriondu ditu eta adierazi du San Martin egoitza, eraberritze lanak egin ondoren, guztiz prestatuta dagoela udalerri honetako adineko pertsonei eta beren familiei kalitatezko zerbitzua emateko
. Zentroko zuzendaritzak nahiz bertako langile eta erabiltzaileek ahalegin handia egin dute obra hori burutu ahal izateko, eta iritsi da unea atentzio espezializatua eskaintzeko prestatuta dauden instalazio moderno, atsegin eta eroso hauetaz disfrutatzeko
, adierazi du Gonzalez de Txabarrik.