Foru erakundeak Gerozerlan enpresari esleitu dio Puntanueta gunean egingo den zentroaren eraiketa, ekipamendua eta kudeaketa. Zentroak modulu psikogeriatriko bat izango du eta logela gehienak banakakoak izango dira.
2006ko abenduak 01
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gerozerlan enpresari esleitu dizkio Zumaiako gerontologi zentroa egin, hornitu eta kudeatzeko lanak. Zentroa 2008. urtean irekiko da eta 109 adineko mendeko pertsonen eta beren familien beharrak beteko ditu. Zentroko lekuetatik %60 Foru Aldundiarekin hitzartutakoak izango dira.
Esther Larrañaga, Gizarte Politikarako diputatuak adierazi duenez proiektu horretan 9.101.324 euro inbertituko dira eta horietatik 1.331.456 euro Foru Aldundiak jarriko ditu Aparteko Inbertsio Planaren bidez. Gainerakoa Gerozerlan enpresak jarriko du. Enpresa horrek 24 hilabeteko epea du, gehienez ere, zentroaren behin betiko proiektua idazteko eta eraikina egiteko. Horrela, zentro hori 2008. urtearen bukaeran irekiko da. Kontratuak 40 urteko indarraldia izango du gehienez ere eta, epe hori amaitu ondoren, eraikina, ekipamendua eta zerbitzua Foru Aldundiaren esku geratuko dira oso-osorik
.
Larrañaga andreak adierazi du Zumaiako Udalari eskertu behar diogula udal terrenoa dohainik laga izana, Puntanueta gunean aipatu egoitza egiteko
. Lursailak 1.395 metro karratu ditu, eta bertan egingo den eraikinak sotoa, behe solairua eta 5 solairu izango ditu aurreproiektuak ezarritakoaren arabera.
Egoitzak 109 plaza izango ditu honela banatuta: banako 81 gela eta bi lagunentzako 14 gela. Gela guztiek egokitutako bainugela izango dute. Solairu bakoitzean, gainera, gune komunak jarriko dira: jangela, atseden lekua eta jardueren gela.
Esther Larrañaga andreak dioenez Zumaiako gerontologia zentroko gela gehienak banakakoak izango dira eta 15 edo 20 erabiltzaileentzako modulu mugatuetan banatuta egongo dira; izan ere, horrelako zentroek duten irudi instituzionaletik urruntzea eta erabiltzaileak etxean bezala sentitzea da gure helburua
.
Jakina, zentroa behar bezala egokituta dago adineko mendeko pertsonak zaintzeko: Zentroaren diseinuak denontzako diseinua errespetatuko du, hau da, sarrera-irteerak hobetzeko diseinua, eta behar den teknologiaz baliatuko gara erabiltzaileen bizimodua errazagoa, erosoagoa eta seguruagoa izateko
.
Unitate psikogeriatrikoa
Solairuetako batean modulu psikogeriatrikoa jarriko da. Unitate psikogeriatrikoa egoitza baten barruan kokatzen den egoitza txiki bat da, eta baldintza jakin batzuk bete behar ditu ezaugarri arkitektonikoei eta fisikoei dagokienez, baita langileei eta laguntzeko programei dagokienez ere. Unitate horiek profil oso zehatza duten erabiltzaileentzat izango dira: portaera-desorekaren bat duten pertsona dementziadunentzat dira bakar-bakarrik, geroz eta arreta espezializatuagoa eta norberaren beharrei egokitutakoa bultzatzea baita Foru Aldundiaren apustua
dio foru diputatuak.
Behe solairuan harrera-lekua eta profesionalen bulegoak egongo dira. Sotoan, berriz, egoitzako zerbitzu teknikoak jarriko dira eta baita aparkatzeko 22 plaza ere.
Proiektu horri, Goierri eskualdean Gipuzkoako Foru Aldundia bultzatzen ari den antzeko beste bi erantsi behar zaizkio, Lazkao eta Zumarragako gerontologia zentroak, alegia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2004-2007rako Aparteko Inbertsio Plana osatzen duten jardueretako bat da Zumaiako egoitza berria. Plan horretan, 140 milioi euro xedatu dira Gipuzkoa osoan gauzatuko diren 129 proiektu baino gehiagorentzat.