2008. urtean, egoitza guztiak egokituta egongo dira adineko mendeko pertsonak zaintzeko. Legealdi honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 45 milioi euro ordaindu ditu azpiegitura sozialen inbertsioetarako.
2007ko urtarrilak 12
Gizarte Politikarako Departamentuak urtero ematen dituen inbertsioetarako diru laguntzak onartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007. urterako. Diru laguntza horiek gizarte baliabideetan inbertitzeko ematen dira, nahiz plaza berriak jartzeko, nahiz orain daudenak berritzeko. Aurten, ekimen honetan erabiliko den zenbatekoa 8.760.874 eurokoa izango da. Plan honen %90 adineko pertsonen alorrari bideratuko da, eta horrek lagunduko du 2008. urtearen amaierarako egoitzak indarrean dagoen araudiari egokitu ahal izatea eta adineko mendeko pertsonen beharrei behar bezala erantzun ahal izatea.
Egoitzetako obrak garrantzi handiko proiektuak dira, kostu handikoak eta exekuzioari begira oso konplexuak. Horregatik, inbertsiorako diru laguntzak zenbait urtetan jarraian jasotzen dituzte. Ondorioz, Foru Aldundiak ezagutzen ditu jada aurtengo deialdian sartuko diren zentro batzuk: Iturbide, Arrasaten; San Martin, Azpeitian; San Andrés eta Egogain, Eibaren; Santa María Magdalena, Hernanin; Santa Cruz, Legazpin; Yurreamendi, Tolosan; San Miguel, Mutrikun; San Jose, Ordizian; Mizpirualde, Bergaran; Nuestra Señora de la Merced, Soraluzen; San Juan eta La Magdalena, Seguran; edo San Gabriel Hondarribian, besteak beste.
2004-2007ko agintaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiak 33 milioi euro bideratu ditu diru laguntzen deialdi honetara. Aparteko Inbertsioen Plana ere kontuan hartuta, 45 milioi euro jarri ditu gizarte azpiegitura berriak sortu eta daudenak hobetzeko.