Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EUDELek programa honen kudeaketarako hitzarmen bat sinatu dute.
2007ko otsailak 27
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EUDEL Euskal Udalen Elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Telelaguntza zerbitzua kudeatzeko. Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak azaldu duenez, akordio honen bitartez, Gipuzkoako gizarte zerbitzuen alorrean aurrera goaz, berau arautzen eta dagozkion eskumenak argitzen, eta ematen ditugun zerbitzuak gero eta eraginkorrago egiten
.
Diputatuak, Karmelo Sainz de la Maza EUDELeko lehendakariarekin hitzarmena sinatu ondoren, aipatu du Telelaguntza zerbitzuak gaur egun 4.000 erabiltzaile dituela eta horietatik gehienak 82 urte baino gehiagoko emakumeak direla, bakarrik bizi direnak edo ordu asko bakarrik ematen dituztenak. Tresna hau edukira, hobeto sentitzen dira, seguruagoak, lasai eta laguntzarekin, behar izanez gero, oso modu errazean -botoi bat sakatuta- berehalako erantzuna jasotzen baitute SOS Deiakeko operadoreen aldetik
. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmen bat sinatuta duen Eusko Jaurlaritzako larrialdietako zerbitzua da kasu bakoitzean behar diren larrialdietako zerbitzuak lanean jartzeko arduraduna: osasun zerbitzuak, Ertzaintza, udaltzainak, suhiltzaileak, eta abar.
EUDELeko lehendakariak azpimarratu du hitzarmen hau izenpetzeari esker, udalerri guztietan zerbitzu hau modu homogeneoan emateko oinarriak ezartzen direla, zerbitzua kudeatzeko Hitzarmenaren baldintzak zehazteaz gain Telelaguntza arautzen duen udal erregelamendua jasotzen duelako, eta horrek pertsona guztien atentzioan koordinazio handiagoa eskainiko du
.
Nola dabilen sistema
Telelaguntza zerbitzua funtsean erabiltzailearen etxean jarritako aparatu bat da, eskuak erabili gabe mezuak bidali eta hartzeko komunikazio sistema bat. Sistema horrek lotura dauka eskumuturrean edo medailoi batean dagoen botoi batekin. Botoia sakatutakoan (aparatuarena, medailoiarena edo eskumuturrarena), sistemak SOS Deiarekin komunikatzen du, eta bertako operadoreek edozein gertakariri erantzuna emateko gai dira.
Iaz, SOS Deiak zerbitzu honi dagozkion 2.937 dei jaso zituen. Gertakari arruntenak gaizki sentitzea (1424) eta erorketak (523) dira Badaude erabiltzaileek egiten dituzten beste dei mota batzuk ere (469) ez larrialdi batengatik, animorik gabe daudelako baizik, norbaitek entzutea behar dutelako, eta abar
azaldu du diputatuak.
Aurten, programa honetarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua 481.193 eurokoa da. Zerbitzu honen erabiltzaileak, bere diru sarreren arabera, ez du ordaindu beharrik izango edo gehienez 76.27 euroko ordainketa egin beharko du sistemaren instalaziorako. (kopuru hau behin bakarrik ordaintzen da) eta 81.26 euro mantenurako (urteko kuota gisa). Erabiltzaileak jartzen duen kopurua kendu ostean, Foru Aldundiak eta Udalek erdibana ordainduko dute gainontzekoa.