Proiektua MCCren ekimenez sortu da, Debagoienean 2009rako adinekoentzat egoitzako 170 leku eta eguneko zentroko 30 sortzeko asmoz. 70 egoitza leku iraunkor, aldi baterako 20 egoitza leku eta eguneko zentroko 25 leku Foru Aldundiarekin itunduak izango dira.
2007ko martxoak 28
Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bat euroko laguntza emango du Aretxabaletan mendeko adinekoentzat egoitza berri bat egiteko. Zentroak egoitzan 170 leku eta eguneko zentroan 30 izango ditu. Horietatik, 70 egoitza leku iraunkor, aldi baterako 20 egoitza leku eta eguneko zentroko 25 leku Foru Aldundiarekin itunduak izango dira. Zentroa 2009an irekiko da.
Proiektua Mondragón Corporación Cooperativa–MCCren ekimena izan da, eta LKS Ingeniaritza taldearen bitartez gauzatuko da, gaurko aurkezpenean Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik eta MCCko Kontseilu Nagusiko lehendakari Jesus Cataniak esan duten bezala. Haiekin izan dira prentsaurrekoan Gizarte Politikarako diputatu Esther Larrañaga eta LKS Ingeniaritzako zuzendari nagusi Alberto Gorroñogoitia ere.
Gizarte Politikarako Departamentuaren Inbertsiorako Laguntza Planaren bitartez finantzatuko du proiektu hau Diputazioak. Ekimen honetarako 9.760.874 euro jarriko dira aurten. Plan horren % 90 adinekoen esparruan erabiliko da, eta horri esker 2008an amaitu ahal izango da Gipuzkoako egoitza guztiak oraingo araudira egokitzeko prozesua. Hala, mendekotasuna duten adinekoen beharretarako ederki prestatuta egongo gara, 65 egoitza eta 5.000 leku baino gehiagorekin.
Debagoieneko adinekoentzako eskaintza
Zentro berria Urats Gain egoitzaren ordez erabiliko da, baina askoz leku gehiago izango ditu, oraingoak 24 lagunentzako tokia baitu. Zentro berriarekin lortuko da eskualde horretan leku berriak egiteko 2010erako aurreikusi zen helburua betetzea, eta inguru horretan laguntza baliabide hobeak izango dituzte, bai leku kopuruz, bai zerbitzu aukeraz. Gainera pauso garrantzitsu bat emango da laguntzaren espezializazioan, izan ere, Aretxabaletan egingo den egoitzan modulu psikogeriatriko bat izango da dementzia eta jokabide-nahasteak dituztenentzat, eta leku soziosanitarioak ere egotea nahi dute, bai Foru Aldundiak, bai MCCk.
Debagoienean 65 urtetik gorako 11.617 lagun bizi dira, eskualdeko %19; beraz, Gipuzkoako batez bestekoa baino ehuneko puntu bat gorago dago. Gaur egun eskualde osoan 387 egoitza leku daude eta 82 eguneko zentrokoak, horietako 12 asteburuetan ere bai; horrez gain, etxeko laguntzaz 564 pertsona baliatzen dira, eta telelaguntza programaz, 338 lagun.
Aretxabaletako egoitza berria egiteaz gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste ekimen batzuetan ere lanean dihardu Debagoieneko adineko pertsonek behar besteko laguntza izan dezaten. Horien artean daude Antzuolako balio anitzeko landa zentroa, Arrasateko Iturbide egoitza egokitu eta handitzeko obrak eta Bergarako egoitza handitzea. Proiektu horretan, apartamentu babestuak eta eguneko zentroa egitea aurreikusi da.
Proiektu horiez aparte, Diputazioak adinekoen esparruko beste batzuetan ere lan egin du Debagoienean 2004-2007 legealdian, bere ekimenez edo inori lagunduz. Hor aipatu behar dira: Elgetako balio anitzeko zentroa, Eskoriatzako eguneko zentroa, Oñatiko San Martin egoitza egokitzea, Arrasaten psikogeriatriako unitate bat sortu eta eguneko zentroan asteburuko zerbitzua ematen hastea, eta Bide Berri gizarte zerbitzuen mankomunitatea eratzea Antzuola, Elgeta eta Leintz Gatzagaren artean.