Elkarteak 660 boluntario ditu, bakarrik dauden adingabeei laguntzen eta zaintza lanak egiten.
2007ko martxoak 14
Gipuzkoako Foru Aldundiak 200.000 euro ordaindu ditu Nagusilaneko egoitza berria egokitzeko. Bakarrik dauden adineko pertsonei, etxean nahiz egoitzan, laguntza zerbitzua ematen dien jubilatuen elkartea da Nagusilan. Diru laguntza hori foru erakundearen Aparteko Inbertsio Planetik dator eta gehitu egiten zaio Nagusilanek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik urtero jasotzen duen diru laguntzari. Urteroko laguntza lankidetza hitzarmen baten bidez arautua dago, eta guztira 74.000 eurokoa da.
Nagusilaneko egoitza berria, adineko pertsonentzako apartamentu babestuak dauden eraikinaren beheko solairuan dago, Donostian, Benta-Berriko Resurreccion Maria de Azkue kalean, eta elkartea maiatzaren hasieran joango da bertara. Udalak elkarteari utzitako 170 metro karratuko lokal bat da, eta egokitze lanak Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu ditu. Egoitza honek elkarteak orain Arrasate kaleko 51. zenbakian duena ordezkatuko du.
Instalazio berriak, gune administratibo bat, 3 bulego, bileretarako eta jardueretarako aretoa, komunak eta biltegi bat izango ditu. Era berean, Hilo de Plata zerbitzuko telefono atentziorako gune bat edukiko du. Hau da, 900-713771 telefonoaren bidez, etxeetan eta egoitzetan eskaintzen duten moduko laguntza emango dute Nagusilaneko boluntarioek.
Nagusilanen jarduera nagusia, beharrean dauden adineko pertsonei laguntza ematea bada ere, beste jarduera osagarri batzuk ere egiten ditu; adibidez: “arnasa” zerbitzua eskaini, ezgaitasuna duen norbait duten familientzat; helduen alfabetatzea; kartzeletan bisitak egitea; babespeko etxebizitzetan bizi diren Foru Aldundiaren tutoretzapeko haurrei eskolako laguntza ematea, eta abar.
Nagusilanek 660 boluntario ditu. Horietako 300 Donostian, eta besteak 21 herri edo auzotan. Iaz, elkarteko kide bakoitzak batez beste 227 ordu egin zituen boluntario lanetan. Guztien artean, 143.619 ordu.
Nagusilanekin harremanetan jarri nahi dutenek ondorengo telefonora dei dezakete: 943-475021.