Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik eta Gerozerlaneko lehendakari Maria Luisa Guibertek zentroaren lehenengo harria jarri dute. Proiektuaren inbertsioa 8,7 milioi eurokoa izango da.
2007ko maiatzak 3
Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik eta Gerozerlaneko lehendakari Maria Luisa Guibertek Zumaiako zentro gerontologikoaren lehenengo harria jarri dute. Baliabide hau 2008ko amaieran jarriko da abian eta Zumaiako eta Urola Kosta eskualdeko adineko mendeko pertsonei 109 egoitza plaza eskainiko dizkie. Zentroko lekuetatik %60 Foru Aldundiarekin hitzartuak izango dira.
Proiektuaren inbertsioa 8.752.383 eurokoa da eta horietatik Aldundiak 1.331.456 euro ordainduko ditu 2004-2007ko Inbertsioen Aparteko Planaren bidez. Gainontzekoa Gertozerlanek ordainduko du, proiektuaren enpresa esleipendunak. Gerozerlan, Lamorus markaren babesean dauden gerontologia zentroen enpresa sustatzailea da eta bertan partaide dira Construciones Moyua, zentroa eraikitzeko arduraduna, eta Matia Fundazioa, zentroaren kudeaketaz arduratuko dena.
Foru Aldundiak lehiaketa irekirako deialdia egin zuen, zentro hori eraiki, hornitu, ustiatu eta mantentzeko. Deialdia irabazi zuen enpresa Gerozerlan izan zen. Kontratuak 40 urte iraungo du gehienez ere, eta gero Foru Aldundia izango da eraikinaren, ekipamenduaren eta zerbitzuaren jabe bakarra.
Egoitza Puntanueta izeneko inguruan dago. Udalak lur zati hori Foru Aldundiari dohainik laga zion. Zumaiako alkate Maria Luisa Arrizabalagak ere parte hartu du proiektuaren aurkezpenean, diputatu nagusiarekin, Gerozerlaneko lehendakariarekin, Gizarte Politikarako foru diputatu Esther Larrañagarekin eta beste agintari eta esleipendun enpresaren ordezkariekin batera.
Etxearen banaketa
Gerontologia zentro berria 1.395 metro karratuko lur zati batean eraikitzen ari dira. Eraikinak sotoa, behe solairua, 5 goiko pisu eta teilatupea izango ditu. Bertan, 109 egoitza plaza, honela banatuta: banako 81 gela eta bi lagunentzako 14 gela. Gela guztiek bainugela egokitua izango dute.
Logelak bost goi solairuetan egongo dira. 1.etik 4.era, solairu bakoitzean 22 plazako elkarbizitzako unitate bana izango da zerbitzu guztiekin, eta horrela arreta pertsonalizatuagoa izango da. Solairu bakoitzean lagun bakarreko 16 logela eta bi laguneko 3 logela egongo dira, denak bainugela bertan dutela.
5. solairuan, bestalde, bi unitate psikogeriatriko izango dira, bakoitza 10 lagunentzat. Unitate psikogeriatrikoa egoitza baten barruan dagoen egoitza txiki bat da, baldintza jakin batzuk bete behar dituena ezaugarri arkitektonikoei eta fisikoei dagokienez, baita langileei eta laguntzeko programei dagokienez ere. Unitate horiek oso ezaugarri jakineko erabiltzaileentzat izaten dira: portaera-desorekaren bat duten pertsona dementziadunentzat bakar-bakarrik, geroz eta arreta espezializatuagoa eta norberaren beharrei egokitutakoa bultzatzen saiatzen baita Foru Aldundia. Horregatik, Foru Aldundiak eskualde guztietan unitate psikogeriatrikoak sortzea bultzatzen ari da.
Zentroaren beheko solairuan, harrera, profesionalen bulegoak, errehabilitazio gela, kafetegia eta areto balioaniztuna egongo dira. Sotoan, berriz, egoitzaren zerbitzu teknikoak, sukaldea, ikuztegia, aldagelak eta garajea. Estalkipeko solairuan, azkenik, bainu geriatrikoa, terapiarako gelak, ergoterapia, solariuma eta egongelak.
Jakina, zentroa behar bezala egokituta egongo da adineko mendeko pertsonak zaintzeko: Zentroaren arkitekturak 'denontzako diseinua' errespetatuko du, hau da, irisgarritasuna, eta behar den teknologiaz baliatuko da erabiltzaileen bizimodua errazagoa, erosoagoa eta seguruagoa izateko.