Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak eta Juan Ramon Larrañaga Legazpiko alkateak obrak finantzatzeko akordioa sinatu dute gaur.
2006ko azaroak 15
Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak eta Juan Ramon Larrañaga Legazpiko alkateak Santa Krutz egoitza handitu eta egokitzeko obrak finantzatzeko lankidetza protokoloa sinatu dute gaur. Proiektu honek 4.375.634 euroko inbertsioa eskatuko du, eta horietatik 1.974.947 Foru Aldundiak ordainduko ditu, hau da, %45. Gainerako inbertsioa Santa Krutz fundazioak egingo du.
Larrañaga diputatuak azaldu duenez, diru laguntza horiek “Foru Aldundiak 2008. urterako duen planaren haritik datoz, adineko pertsonen egoitza guztiek araudiek ezartzen dituzten baldintzak bete ditzaten”.Baldintza horien ondorioz, hainbat aldaketa egingo dira: logelak handitu, oztopo arkitektonikoak6 kendu, banakako logela gehiago jarri eta elektrizitate zein suteen aurkako sistemak hobetu, besteak beste.
Obrak amaitu ondoren, 2007. urtearen bukaeran, Legazpiko egoitzak 74 plaza izango ditu (gaur egun baino 32 gehiago) eta guztiek beteko dute adineko mendekoenegoitzetan dagoen arautegia.Zentroak, gainera, psikogeriatria unitate bat izango du, dementzia eta jokaera arazoak dituzten adinekoentzat.Esther Larrañaga diputatuak azpimarratu duenez "unitate hau abian jartzen denean, zentroak arreta espezializatua eskainiko die dementzia eta jokaera arazoak dituzten egoiliarrei".
Obrak hasi dira dagoeneko eta datorren urteko abenduan bukatuko dira. Horrela, lau fasetan burutuko dira, egun dauden erabiltzaileen eguneroko bizitzan arazorik ez sortzeko.Egoitza handitzeko beste bloke bat eraikiko da eta, hala, bloke berri horrekin, egoitzak “E” letraren itxura hartuko du. Eraikina 1935. urtean eraiki zen eta bertan beste eraberritze lan batzuk ere egin izan dira lehenago.Gaur egun dagoen eraikinaren eta egingo den berriaren arteko lotura jangelen bidez egingo da.
Ondoren, berritze lanak sukaldeetan eta gaur egungo eraikinaren lehenengo solairuan egingo dira eta bertan psikogeriatria unitatea kokatuko da. Hirugarren fasea egiten den bitartean, San Inazio aldaparen alboko guneko erabiltzaileak bloke berrira pasako dira alde hori zaharberritu ahal izateko.Eta azkenik egoitzaren aurreko aldea egingo da.
Lan guztiak amaitzen direnean egoitzak 46 logela izango ditu (komun eta guzti); horietatik 18 banakakoak izango dira eta 28 bi lagunentzakoak. Horrez gain, izango du sukalde bat, eta bi jangela eta egongela bat solairu bakoitzean.Halaber, izango ditu errehabilitazio eta fisioterapia gelak, mediku kontsultarako gelak, ikuztegia, ile-apaindegia eta beste espazio batzuk (atariak, bileretarako guneak, biltegiak eta abar).Zentroak kanpoko terraza handi bat izango du.
Eskualdeko zentroak egokitzea
Gizarte Politikarako diputatuak Goierriko eskualdeko egoera azaldu du egoitzak egokitzeko obrei dagokienez.Horrela, “sei egoitzetatik bitan amaituko dira obrak aurten:Ordiziako San Jose egoitzan eta Beasaingo Arangoiti egoitzan”.
Datorren 2007. urtean, Legazpiko Santa Krutz egoitza handitu eta berritzeko obrak amaitzeaz gain, "beste zentro bat irekiko da eskualdean, Foru Aldundiak sustatutako Lazkaoko Txindoki Sanitas Residencial egoitza, hain zuzen, eta, ondorioz, 100 plaza baino gehiago gehituko zaizkio eskualdeko egoitza-eskaintzari".
Azkenik, Segurako San Juan eta Madalena egoitzak hobetzeko obrak 2008. urtean amaituko dira, eta urte horretan beste zentro bat irekiko da, Zumarragako gerontologikoa. Zentro horrek egungo Faustino Orbegozo egoitza ordezkatuko du eta plaza gehiago izango ditu, egun dituen 46 plazatik 110 plaza izatera pasatuz.