Edukietara joan
Gipuzkoako Foru Aldundia logotipoa

Bilatzaile aurreratua ››

Foru Aldundiak Ordiziako San Jose egoitza handitzeko eta hobetzeko obren %75 finantzatuko du

Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak eta Alejandra Iturrioz Ordiziako alkateak obrak finantzatzeko akordioa sinatu dute gaur.

2006ko azaroak 22

Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak eta Alejandra Iturrioz Ordiziako alkateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur San Jose adinekoen egoitza egokitzeko lanak finantzatzeko. Proiektuaren arabera, eguneko zentroa ere egingo da, eta guztira 1.500.000 euroko inbertsioa behar izango da. Horietatik, hitzarmenak jasotzen duenez, Foru Aldundiak 1.125.000 euro finantzatuko ditu; alegia, %75. Gainerakoa San Jose Egoitza Erakunde Autonomoak jarriko du.

Larrañaga andreak azaldu duenez, diru laguntza horiek Foru Aldundiak 2008. urterako duen planaren haritik datoz, adineko pertsonen egoitzek araudiek ezartzen dituzten baldintzak bete ditzaten. Baldintza horien ondorioz, hainbat aldaketa egingo dira: logelak handitu, oztopo arkitektonikoak kendu, banakako logela gehiago jarri eta elektrizitate zein suteen aurkako sistemak hobetu, besteak beste.

Obrak amaitu ondoren, 2008aren erdialdera, Ordiziako egoitzak 73 plaza izango ditu, eta guztiek beteko dute adineko mendekoen egoitzen gaineko arautegiak xedatutakoa. Gainera, eguneko zentro bat eraikiko da, 15 pertsona hartzeko gai izango dena. Zentro hori berria da udalerrian, eta Esther Larrañaga diputatuak esan duenez, aukera emango die familiarekin bizi diren baina egunean zenbait orduko arreta behar duten adinekoei herrian bertan jasoak izateko; hartara, gaur egun ez bezala, ez dute inguruko herrietara, Beasainera edo Lazkaora esaterako, joan beharrik izango.

San Jose egoitzan egingo diren obrek, nagusiki, eragina izango dute segurtasun neurrietan, hala nola, suteen kontrako babes planean edo argindarra hartzeko instalazioan, eta aurre egingo diete komun batzuetara sartzeko dauden arazoei eta logela batzuetan ibiltzeko dauden arazoei.

Proiektua idazteko fasean dago egun, eta datorren urtearen hasiera aldera egongo da amaitua. Obrak faseka egingo dira, egoiliarren egunerokoa ahalik eta gutxien oztopatzearren.

Eskualdeko zentroak egokitzea

Gizarte Politikarako diputatuak Goierriko eskualdeko egoera azaldu du egoitzak egokitzeko obrei dagokienez. Esan duenez, eskualdeko sei egoitzetatik bat, Beasaingo Arangoiti, aurten bertan egongo da egokituta.

2007. urtean, Legazpiko Santa Krutz egoitza handitzeko lanak amaituko dira, eta beste zentro bat irekiko da eskualdean, Foru Aldundiak sustatutako Lazkaoko Txindoki Sanitas Residencial egoitza, eta, ondorioz, 100 plaza baino gehiago gehituko zaizkio eskualdeko egoitza-eskaintzari.

Azkenik, Segurako San Juan eta Madalena egoitzak hobetzeko obrak 2008. urtean amaituko dira, eta urte horretan beste zentro bat irekiko da, Zumarragako gerontologikoa. Zentro horrek egungo Faustino Orbegozo egoitza ordezkatuko du. Ondorioz, 110 plaza egongo dira (egun, 46 plaza daude).

Gorantz joan | Aldizkariaren portadara itzuli

GNet logotipoa. Gipuzkoa.net