Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik eta Gerozerlaneko lehendakari Maria Luisa Guibertek zentroaren lehenengo harria jarri dute. Proiektuaren inbertsioa 7,4 milioi eurokoa izango da.
2006ko azaroak 22
Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik eta Gerozerlaneko lehendakari Maria Luisa Guibertek Zumarragako zentro gerontologikoaren lehenengo harria jarri dute. Baliabide hau 2008. urteko erdi aldera izango da abian eta Zumarragako eta bere eskualdeko adineko pertsona ezinduei espezializatutako 110 egoitza plaza eta eguneko 25 plaza eskainiko die. Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitzako 64 plaza eta eguneko plaza guztiak itunduko ditu.
Proiektu horren inbertsioa 7.443.030 milioi eurokoa izango da. Foru Aldundiak 2004-2007ko inbertsioen Aparteko Planaren bitartez %25 finantzatuko du, hau da, 1,9 euro. Proiektuaren esleipenduna den Gerozerlan enpresak gainontzekoa ordainduko du. Gerozerlan Gipuzkoan gerontologia zentroak garatzeko proiektuan ari da lanean, lamourous markapean, eta jada badute zentro bat Donostian.
2005eko azaroan, Foru Aldundiak lehiaketa irekirako deialdia egin zuen, zentro hori eraiki, hornitu, ustiatu eta mantentzeko. Deialdia irabazi zuen enpresa Gerozerlan izan zen. Kontratuak 40 urte iraungo du gehienez ere, eta gero Foru Aldundia izango da eraikinaren, ekipamenduaren eta zerbitzuaren jabe bakarra.
Argixao izena izango duen egoitza, Mendizabal aldeko goialdeko lur sail batean kokatuko da, Zumarragako eskualdeko Ospitalearen ondoan. Udalak lur zati hori Foru Aldundiari dohainik laga zion. Zumarragako alkate Antton Arbuluk ere parte hartu du proiektuaren aurkezpenean, diputatu nagusia, Gerozerlaneko lehendakaria, Gizarte Politikarako foru diputatu Esther Larrañaga eta beste agintari eta esleipendun enpresaren ordezkariekin batera.
Foru Aldundiarentzat lehentasuna
Argixao egoitza berriak Urola Garaia eta Goierriko adineko pertsona ezinduei zuzendutako laguntzen eskaintza hobetu du. Aipatu eskualdetan 65 urtetik gorako 12.382 biztanle daude; beraz, inguruko biztanleria osoaren %19,10 dira. Foru Aldundiarentzat, egun, egoitza plaza berrien sortzeari dagokionez, lehentasunezkoa dira Urola Garaia eta Goierri. Izan ere, une honetan Foru Aldundia zuzenean sustatzen ari den hiru proiektuetatik bi bertan kokatzen dira: Zumarragako hau eta Lazkaokoa, maiatzetik eraikitze fasean dagoena eta datorren urtearen amaieran abian jarriko dena. Hirugarren ekimena Zumaian egongo da.
Zerbitzuak eta eraikuntza
Argixao egoitzak Goierriko adineko ezinduei eta beren familiei bi motatako oinarrizko zerbitzuak eskainiko dizkie: egoitza espezializatua eta eguneko laguntza.
Egoitza zerbitzua 110 pertsonentzako izango da, logelak banakakoak izango dira eta kanpora emango dute. Zerbitzua egunean 24 orduz eskainiko da urtean 365 egunez. Horietatik 30 plaza psikogeriatrikoak izango dira, hau da, dementzia arazoak eta portaera desorekaren bat duten adinekoentzat. Egoitza gunea hainbat modulutan zatituta egongo da, gehienez 20 pertsonentzat. Helburua da famili giro goxoa sortzea, erabiltzaileen intimitatea eta erosotasuna bateratuko dituena gertuko atentzio zuzenaren bidez.
Bestetik, 25 pertsonei zuzendutako eguneko zentroko zerbitzua asteko 7 egunetan eskainiko da eta aukera izango da bertara egunero, astean zehar edo asteburuetan bakarrik joateko.
Logikoki, areto guztiak eta altzariak erraz erabiltzeko modukoak izango dira eta erabiltzaileen zaintzarako beharrezkoak diren laguntza teknikoak izango dituzte.
Zentroak izango du erdisotoa, beheko solairua eta hiru solairu, guztira azalera erabilgarria 6.455 metro karratukoa izango da. Solairu guztiek terraza izango dute. Erdisotoko solairuan egongo dira sukaldea, ikuztegia, mantenimendurako tailerra, langileen aldagelak, biltegia, areto teknikoak eta 29 plaza izango dituen garajea, eta tumuluaz gain, familikoentzako areto bat.
Beheko solairuan egongo dira harrera, eta bulego profesionalak (gizarte laguntzailea, psikologoa, sendagilea, administrazioa eta zuzendaritza) eta baita ere sendaketa ikerketa eta diagnostiko gelak. Solairu horretan bertan kokatuko dira ileapaindegia eta podologia, quinesoterapia aretoa, kafetegia, telebista ikusteko gela eta hainbat ekintzetarako bi gune balioaniztunak.
Gainera, eguneko zentroa ere beheko solairuan kokatuko da, baina sarbide independientea izango du. Baliabide horrek 399 metro karratuko azalera erabilgarria izango du eta honela banatuko da: harrera, areto balioaniztuna, laguntza teknikoen aretoa, zereginetarako terapiarako bi areto, bi jangela, bi atseden gune eta bainu geriatrikoak. Zentroko langileentzako komuna eta atseden gune bat izango du.
Lehenengo eta bigarren solairuak berdinak izango dira, 1.268 metro karratu izango dituzte. Bakoitzak banatutako bi modulu izango ditu. Modulu bakoitzean banakako 20 logela egongo dira (solairu bakoitzeko 40) , jangela bat, areto balioaniztuna egongela eta jarduetarako erabiliko dena, terapietarako areto bat, garbiketa gela eta lentzeria. Bi moduluek partekatuko dute: officea, biltegia, bulego balioaniztuna eta terapiarako areto bat.
Espezializazioaren aldeko apustua
Azkenik, hirugarren solairuan bi modulu psikogeriatriko kokatuko dira, bakoitza 15 plazakoa. Solairu horrek 1.281 metro karratuko azalera erabilgarria du. Egoitzaren gainerako zatian bezala, logelak banakakoak eta kanpora ematen dutenak izango dira. Unitate bakoitza honela banatuko da: logelak, bulego profesionala, jangela, egongela, terapietarako gunea, biltegia eta lentzeria. Biek partekatuko dute: officea, laguntza teknikoetarako aretoa eta bainu geriatrikoa.
Unitate horien sorrera Gipuzkoako Foru Aldundiak adineko pertsona ezinduei ahalik eta atentzio espezializatuagoa emateko duen erronkari erantzuten dio. Ildo horretatik, egoitzetan dementziak eta portaera nahasteak dituzten gero eta adineko pertsona gehiago daude eta pertsona horiek behar duten atentzioa eta halako arazorik izan gabe beste pertsona baten beharra duten adinekoek behar dutena ez dira berdinak.
Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako eskualde guztietan unitate psikogeriatrikoak sortzea bultzatzen ari da, pertsona horiek atenditzeko bereziki prestatuta dagoen baliabidea baitira. Zumarragako zentroan ere, egoitzatik isolatuta dauden moduluak izango dira, ihes egiteko arriskurik egon ez dadin, erabiltzaileak joan-etorrian ibiltzeko tokia izan dezaten eta zaintzeko sistemak jarriz. Unitate horretako langileek prestakuntza berezia izango dute, eta bertan garatzen diren atentzio programak erabiltzaileen profilari egokituta egongo dira.