Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak eta José Antonio Recondo Hernaniko alkateak obrak finantzatzeko lankidetza protokolo bat sinatu dute gaur. Adineko pertsona ezinduen beharrak asetzeko egokitutako 111 egoitza plaza eta eguneko zentroko 50 plaza eskainiko ditu zentroak 2007an.
2006ko irailak 21
Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak eta José Antonio Recondo Hernaniko alkateak lankidetza protokolo bat sinatu dute gaur goizean Hernaniko Santa Maria Magdalena adinekoen egoitza berritzeko lanak finantzatzeko. Berritu ondoren, 2007an, adineko pertsona ezinduen beharrak asetzeko egokitutako 111 egoitza plaza eta eguneko zentroko 50 plaza eskainiko ditu zentroak. Gainera, dementzia duten adineko pertsonentzat psikogeriatria unitate bat izango du.
Egoitza zabaldu eta egokitzeko 4.225.467 euroko inbertsioa behar da. Foru Aldundiak inbertsioaren %75a finantzatzeko konpromisoa hartu du, 3.169.100 euro, eta dagoeneko 500.000 euro eman dizkio Hernaniko Udalari. Gainerako 2.669.100 euroak 2006-2008 aldian ordainduko ditu.
Indarrean dagoen araudira egokitzea
Esther Larrañagak azaldu bezala, diru laguntza horiek Foru Aldundiak 2008garren urterako duen planaren haritik datoz, adineko pertsonen egoitza guztiek araudiek ezartzen dituzten baldintzak bete ditzaten. Foru Aldundiak 60.351.050 euro inbertituko ditu prozesu honetan: 2001-2005 aldian 22.346.065 euroko ekarpena egin zuen, aurten 13.829.496 euro jarriko ditu eta, 2007 eta 2008 bitartean, gainontzeko 24.175.489 euroak.
Baldintza horien ondorioz, hainbat aldaketa egingo dira: logelak handitu, oztopo arkitektonikoak kendu, banakako logela gehiago jarri eta elektrizitate zein suteen aurkako sistemak hobetu, besteak beste.
Zentroa zabaltzeko, egungo egoitzaren ondoan eraikin berri bat egingo da, egoitzaren kotak errespetatuko dituena, bi eraikinen arteko lotura ahalik eta hoberena izan dadin. Hala ere, egungo eraikinean ere hobekuntza nabarmenak egingo dira.
Jarduketa nagusietako bat izango da Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzak egun dituen 22 logela hirukoitzak kentzea. Berritu ondoren, zentroak 73 logela izango ditu: 35 banakako eta 38 bikoitz. Gela guztiek egokitutako bainugelak izango dituzte.
Gainera, dementzia eta portaera arazoak dituzten pertsonentzat 15 plazako bi psikogeriatria unitate egingo dira.
Hobekuntza nabarmenak egingo dira baita ere komun gehienetan. Irisgarritasuna bermatzeko komunak handitu eta altzari egokiak jarriko dira; eta bainu geriatriko bat egingo da zentroan.
Bestalde, Santa Maria Magdalena egoitzak gaur egun 30 pertsonentzako eguneko zentro bat du, eta 50 pertsonei harrera eman ahal diezaion handitu egingo da.
Gerontologia zentroa berritzeko lanek barnean hartzen dute 12 pertsonentzako etxebizitza babestuak eraikitzea.
Eraikinak sei solairu ditu: bi erdisoto, beheko solairua eta hiru solairu. Instalazio teknikoak bigarren erdisotoan daude; eguneko zentroa (handitu eta jantokia jarriko da bertan), bulegoa eta biltokiak lehenengo erdisotoan daude; beheko solairuan, administrazio guneez gain, etxebizitza babestu berriak egongo dira; lehenengo solairuan psikogeriatriako bi unitateak egongo dira, eta gainerako logelak bigarren eta hirugarren solairuetan banatuko dira.
Donostialdeako egoera
Prentsaurrekoan, adineko pertsonen egoitzak egokitzeari dagokionean, Donostialdeako egoera orokorraz ere mintzatu zen Gizarte Politikarako diputatua.
Esther Larrañagak azaldu bezala, 2006an eskualde horretako hainbat zentrok amaituko dituzte egokitze-lanak: Pasaiako udal egoitza, Oiartzungo Petra Lekuona, Errenteriako San Markosene, Andoaingo San Juan Bautista eta Lasarte Oriako Atsobakar egoitzak.
Hernaniko egoitza berritzeko lanak datorren urtean bukatuko dira, eta Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzarenak, 2008garren urtean.