Edukietara joan
Gipuzkoako Foru Aldundia logotipoa

Bilatzaile aurreratua ››

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.974.947 euro jarriko ditu Legazpiko Santa Krutz egoitza handitu eta hobetzeko

Obrak amaitu ondoren egoitzak 74 plaza izango ditu, gaur egun baino 32 plaza gehiago, adinekoen beharrei guztiz egokituak. Psikogeriatria unitate bat irekiko da

2006ko irailak 21

Legazpiko Santa Krutz egoitza egokitzeko eta handitzeko obrak direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu du 1.974.947 euroko kontu sail bat bideratzea. Egoitza horrek 74 plaza izango ditu 2007an (gaur egun baino 32 gehiago) eta guztiek beteko dituzte adineko ezinduen egoitzei buruz legeek agintzen dutena. Zentroak gainera psikogeriatria unitate bat izango du, dementzia eta jokaera arazoak dituzten adinekoentzat.

Santa Krutz egoitza egokitzeko eta handitzeko proiektuak 4.375.634 euroko inbertsioa eskatuko du, eta horietatik 1.974.947 Foru Aldundiak ordainduko ditu, hau da, %45. Gainerako inbertsioa Santa Krutz fundazioak egingo du.

Diru laguntza horiek, Foru Aldundiak 2008garren urterako duen planaren haritik datoz, adineko pertsonen egoitza guztiek araudiek ezartzen dituzten baldintzak bete ditzaten. Baldintza horiek eragina izango dute, besteak beste, logelen neurrian, oztopo arkitektonikoak kentzen, banakako logelak gehitzen, edo elektrizitate sistemak hobetzen eta suteen aurkako neurriak jartzen.

Legazpiko Santa Krutz egoitzan esku hartzeak bi helburu ditu: alde batetik, egoitza lekuen udalerriko eskaera gero eta handiagoari erantzutea 32 plaza berri sortuz eta, beste alde batetik, gaur egungo egoitza plazak gero eta ezinduagoak diren egoiliarren beharrei egokitzea.

Eraberritze proiektua

Lanak, pasa den uztailean hasi zirenak, lau faseetan gauzatuko dira gaur egun dauden erabiltzaileen eguneroko bizitzan trabarik ez egiteko. Proiektua gauzatzeko epea 20 hilabetekoa izango da.

Egoitza handitzeko beste bloke bat eraikiko da eta, hala, bloke berri honekin, egoitzak E letraren itxura hartuko du. Eraikina 1935garren urtean eraiki zen eta bertan beste eraberritze lan batzuk ere egin izan dira lehenago. Gaur egun dagoen eraikinaren eta egingo den berriaren arteko lotura jangelen bidez egingo da.

Ondoren berritze lanak sukaldeetan eta gaur egungo eraikinaren lehenengo solairuan egingo dira eta bertan psikogeriatria unitatea kokatuko da. Hirugarren fasea egiten den bitartean, San Ignacio aldaparen alboan daudenak bloke berrira pasako dira alde hori zaharberritu ahal izateko. Eta azkenik egoitzaren aurreko aldea egingo da

Lan guztiak amaitzen direnean egoitzak 46 logela izango ditu (komun eta guzti); horietatik 18 banakakoak izango dira eta 28 bi lagunentzakoak. Horrez gain, izango du sukalde bat, eta bi jangela eta egongela bat solairu bakoitzean. Halaber, izango ditu errehabilitazio eta fisioterapia gelak, mediku kontsultarako gelak, ikuztegia, ile-apaindegia eta beste espazio batzuk (atariak, bileretarako guneak, biltegiak eta abar). Zentroak kanpoko terraza handi bat izango du.

Gorantz joan | Aldizkariaren portadara itzuli

GNet logotipoa. Gipuzkoa.net