Zentroa egokitzeko 567.325 euroko inbertsioa behar da. Obrak urrian hasiko dira eta lanak burutzeko 20 hilabeteko epea dute.
2006ko irailak 21
Soraluzeko Nuestra Señora de la Merced egoitza egokitzeko eta handitzeko obrak direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu du 283.662,25 euroko kontu sail bat bideratzea. Egoitza horrek 49 plaza izango ditu 2008an (gaur egun baino 6 gehiago) eta guztiek beteko dituzte adineko ezinduen egoitzei buruz legeek agintzen dutena. Obrak urrian hasiko dira eta lanak burutzeko 20 hilabeteko epea dute.
Nuestra Señora de la Merced egoitza egokitzeko eta handitzeko proiektua aurrera eramateko 567.324 euroko inbertsioa behar da eta Foru Aldundiak %50a finantzatuko du. Inbertsioaren gainerakoa Soraluzeko Udalak finantzatuko du.
Diru laguntza horiek, Foru Aldundiak 2008garren urterako duen planaren haritik datoz, adineko pertsonen egoitza guztiek araudiek ezartzen dituzten baldintzak bete ditzaten. Baldintza horien ondorioz, hainbat aldaketa egingo dira: logelak handitu, oztopo arkitektonikoak kendu, banakako logela gehiago jarri eta elektrizitate zein suteen aurkako sistemak hobetu, besteak beste.
Nuestra Señora de la Merced zentroan, zehazki, banakako logela gehiago egin behar dira, eta horretarako, orain arte mojek erabiltzen zuten espazioa erabiliko dute. Horrela, egoitzak egun dituen 43 logeletatik 49 izatera pasako da, eta horietatik 13 banakako logelak izango dira.
Handitze lanak egiteko, bigarren solairua egokituko da, komunitate erlijiosoaren esku egon dena. Gune hori etorkizunean psikogeriatria unitate bat izateko aukera irekia geratu da.
Halaber, larrialdi plan bat jartzea pentsatu da. Horretarako, beharrezkoak diren babes neurriak, seinaleak, atzemateko sistema eta alarma jarriko dira.
Egin beharreko beste jarduketa garrantzitsu bat da oztopo arkitektonikoak kentzea. Horrela, eraikinera sartzea errazagoa izango da, arrapala berriari esker. Bainugeletan ere hobekuntza nabarmenak egingo dira, hala nola, bainu geriatrikoak handitu, ateak zabalagoak egin edota bainuontziak zein dutxako platerak kendu eta oztoporik gabeko dutxak jarri.
Horrez gain, egoitzako altzari asko aldatu egingo dira, eta fisioterapia eta errehabilitazioko gela bat egingo da.