Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera zentro bezala egokitu duen Lezoko baserri batean biziko dira.
2007ko apirilak 18
Kanarietatik datozen Saharaz hegoaldeko hamar adingabeak Gipuzkoan daude. Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera zentro bezala egokitzeko erosi duen Lezoko baserri batean biziko dira.
Gazteak atzo arratsaldean iritsi ziren Bilboko aireportura, -Tenerifetik eta Madrilen eskala eginez- eta handik Lezora eraman zituzten. Uharteetako zentroetako bi hezitzailek lagunduta etorri ziren eta Uralde baserrian beren heziketaz arduratuko den heziketa talde osoak egin zien harrera. Han ziren zuzendaria, 4 hezitzaile, gizarte langile bat, gauerako bi laguntzaile eta etxeko lanez arduratuko den pertsona.
Hamar adingabeetatik bostek – denak mutilak- 15 urte dituzte, lauk 14 urte eta besteak 13 urte. Zazpi Senegaletik datoz eta besteak Malitik, Boli Kostatik eta Indiatik.
Harrerako zentroko eguneroko bizitza, edozein etxetan egiten den modukoa izan dadin saiatuko dira, beti ere gazteen integrazio sozial eta kulturala bultzatzeko helburuarekin.
Alde honetatik, Gipuzkoako Foru Aldundia eta hezitzaile taldearen arduradunak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan jarri dira adingabeak eskolaratzeko. Hala ere, oraingo ikasturtearen amaiera gertu dagoenez, agian adingabeak eskolara edo Lanbide Heziketa zentroetara (beren adinaren eta eskola mailaren arabera), irailetik aurrera joango dira. Dena dela, ikasturtea hasi arte, gazteak gaztelera eta euskarako klaseak jasoko dituzte beren bizikidetza eta eskolaratzea errazteko.
Horretaz gain, udarari begira, aisialdiko ekintzak antolatzen ari dira –udalekuak, kanpaldiak eta abar – eta bertan beren adineko gazteekin harremana bideratzeko aukera izango dute. Jarduera hauek urte osoan zehar jarraituko dute, harrera zentroetan bizi diren gazteek, bere adineko beste guztiek bezala, kirol ekintzetan eta aisialdi eta kultura ekintzetan parte hartzen dutelako.
Gipuzkoan dauden lehenengo egunetan, mediku azterketa bat egingo zaie, Gizarte Gaietako Ministerioak Gipuzkoako Foru Aldundiari bidalitako txostenak osatu gabe daudelako.
Harrera zentroa
Joan den abenduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lezon Uralde baserria erosi zuen Kanarietara kaiukoetan iritsi diren adingabe kopuru bati harrera emateko, lurralde hartako harrera zentroak zein egoeratan dauden ikusita, eta Gipuzkoako harrera sarea gainezka egon arren. Gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiak 227 adingabe atenditzen ditu egoitza harreran, eta horietatik 72 bakarrik dauden atzerritar adingabeak dira. Denera, Gipuzkoan bakarrik dauden 103 adingabe daude, gainontzekoak larrialdiko harrera daude.
Baserria Lezoko Errekalde auzoan dago. 54 m2-ko orubea hartzen du eta bi solairu ditu, behekoa eta lehenengoa. Beheko solairuan guztiek erabiltzeko guneak daude, sukaldea eta egongela adibidez, bai eta bulego profesionala, biltegia eta arropa garbitzeko gela ere. Goiko solairuan logelak daude; hiru bikoitz eta lau gazterentzako beste handiago bat, eta bi bainugela. Baserriak 1.153,43 m2-ko lur zati bat dauka inguruan.