Atzetik Errusia dator %12arekin, eta Afrikako herrialdeen goranzko joera nabarmentzen da. Urtarrila eta urria artean, Foru Aldundiak 183 eskaera jaso ditu nazioarteko adopziorako
2006ko azaroak 21
Atzerriko herrialdeetan adoptatutako 832 haur bizi dira Gipuzkoan. Azken hamar urte hauetan, beste herrialde batean haurra adoptatu nahi duten familien kopurua modu nabarmenean handitu da. 1993. urtean 18 eskaera jaso genituen eta iaz 212
, azaldu du gaur prentsaurrekoan Esther Larrañagak, Gizarte Politikarako diputatuak.
Ezinduen eta Babesgabeen Laguntzako zuzendari Jose Luis Madrazo lagun zuela, Larrañagak azaldu du Txina dela, gaur egun, alde handiarekin
, nazioarteko adopziorako eskaera egiten dutenen artean gehien aukeratzen den herrialdea. Aurten, urrira arte, 183 eskaera jaso ditugu eta horietatik %55 (101) Txinara zuzenduta daude; ondoren, tarte handiarekin, Errusiarako egindako eskaerak daude, %12 (23 eskaera)
. Jaso dira eskaerak ere Kolonbia (11), Kazajastan eta Nepal (9), Ukrania (8), Etiopia (7) eta, neurri txikiago batean, Maroko, Peru, Brasil, Korea, Mexiko edo Indiarako.
Eskaerak egiteko herrialdeak aldatuz joan dira. 2000. urtera arte, eskaera gehienak Latinoamerikako herrialdeetara zuzenduta zeuden, baina, urte horretan, Europako ekialdeko herrialdeek indarra hartu zuten eta 2002. urtetik aurrera Txinak izan zituen eskaera gehienak. Nabaritzen ari gara Afrika nazioarteko adopziorako mapan agertzen hasi dela
aipatu du Larrañagak.
Prestakuntza, egokitasuna eta adopzioa
Gizarte Politikarako arduradunak Gipuzkoako Foru Aldundiak adopzio arloan eskaintzen dituen zerbitzuak aipatu ditu. Horrela, zehaztu du, adoptatzeko interesa duten famili guztientzat beharrezkoak diren prestakuntza saioetan 570 pertsonak parte hartu dutela urte honetan: Bi hitzaldi egiten dira, alde batetik, nazioarteko adopzioaren marko juridikoa eta tramitazioaren prozedura aztertzeko eta, bestetik, psikologi eta hezkuntza alderdiak lantzeko
. Saio horiek hilean bi aldiz egiten dira. Beste saio bat ere egiten da, hautazkoa, nazioarteko adopzioa tramitatzeko aukera ematen duten herrialdeei dagozkien arloak aztertzeko: baldintzak, organo eskudunak eta tramitazio motak, besteak beste. Hitzaldi horretan 400 pertsona inguru izan dira.
Familiek, eskaera aurkeztu ondoren, egokitasun ziurtagiria lortu behar dute, adopzioa gauzatzeko egokiak direla egiaztatzen duen pasaportea
. Urriaren 31ra bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 163 egokitasun ziurtagiri egin ditu. Familientzat doan den ziurtagiri hori lortzeko epea 3 hilabetekoa da.
Foru Aldundiak beste zerbitzu bat eskaintzen die familia adoptatzaileei eta adoptatutako adingabeei, adopzioaren ondoko zerbitzua. Larrañagak azaldu du programa hau aholkularitza psikologikoari lotutako zerbitzua dela, adopzio prozesuan sor daitezkeen arazoei aurre egiten lagunduko duten espezializatutako profesionalek eskainitakoa
. Programa hori iazko erdialdean jarri zen abian eta orain arte 8 familiek erabili dute zerbitzu hori.