Edukietara joan
Gipuzkoako Foru Aldundia logotipoa

Gipuzkoako Foru Aldundia zazpi anai-arreba talderentzako harrera familien bila dabil

Adingabeak beren familia biologikoetatik bananduak izan ziren eta harrera etxeetan bizi dira. Umeak etxean hartzeko prest dauden familiek 943-112509 telefonora deitu behar dute.

2007ko martxoak 9

Jose Luis Madrazok, Esther Larrañagak eta Asun Etxarrik harrera familia gehiago lortzeko sentsibilizazio kanpainaren kartela begiratzen dute2 eta 17 urte bitarteko hamabost adingabe, zazpi anai-arreba talde, harrera familien zain daude. Beren familia biologikoetatik bananduak izan ziren, hauek, arazo larriak zituela eta, ezin zituelako behar bezala zaindu. Harrezkero etxebizitza babestuetan bizi izan dira eta, orain, horietatik irteteko aukera izan dezakete.

Foru Aldundiak haur hauek beren famili biologikoengana itzultzeko bide guztiak agortu ditu. Ez baditugu aurkitzen Gipuzkoako 7 familia, haur hauei beren etxeetako ateak irekitzeko prest, harrera etxebizitzetan geratu beharko dute adin nagusira iristen diren arte, edo, bestela, anai-arrebak bereizi beharko ditugu, eta horrek beren bizitza laburrean izan dituzten esperientzia txarrei beste zailtasun bat erantsiko lieke, Gizarte Politikarako Departamentuko foru diputatu Esther Larrañagak esan duenez.

Diputatuak, gaur, prentsaurrekoan, Ezinduen eta Babesgabeen Laguntzako zuzendari nagusi Jose Luis Madrazo, eta Lositarain harrera etxeko zuzendari Asun Etxarri lagun zituela, harrera familia gehiago lortzeko sentsibilizazio kanpaina bat aurkeztu du, hurrengo hiru asteetan egingo dena, “Ume bat zain daukazu” lelopean.

Gaur egun, Gipuzkoan 183 adingabe bizi dira 143 harrera familiatan. Horien artean, 29 anai-arreba talde daude eta esperientzia positiboa eta ona da, bai haurrentzat eta bai harrera familientzat adierazi du foru diputatuak.

Adingaberen bat harreran hartzeko prest dauden Gipuzkoako familiek beren eskura dute 943-112509 telefonoa. Telefonoa erabilgarri egongo da Gipuzkoako Foru Aldundiko jendearentzako ohiko ordutegian (8:30 - 15:00) Ordutegi horretatik kanpo, interesatuek erantzungailuan utz ditzakete beren datuak eta hurrengo egunean deituko zaie.

Harrera familiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bat jasotzen dute hilero, harreran duten haur bakoitzeko. Laguntza 499,27 eurokoa da normalean; 613 eurokoa, adingabeak ezgaitasunen bat badu; eta, adingabeak egokitzeko zailtasun berezia duelako familiaren dedikazio intentsiboa behar badu, diru laguntza 1055,47 eurokoa izango da. Tratamendu psikologikoak, psikiatrikoak, odontologiakoak eta oftalmologikoak ere Gipuzkoako Foru Aldundiak ordaintzen ditu.

Era berean, harrera familian espezializatuta dagoen talde profesional baten ikuskapena eta laguntza etengabe jasoko dute. Edozein zalantza, zailtasun edo kezka izanez gero, pertsona talde bat izango dute entzuteko eta aholku emateko, adierazi du Larrañaga andreak.

Gorantz joan | Aldizkariaren portadara itzuli

GNet logotipoa. Gipuzkoa.net